Kalean da Berri Txarrak-en disko barria

Dabi Piedra 2017-11-24 12:38   Musikea

Estadu Batuetan grabau dabe Infrasoinuak, Bill Stevenson produktoreagaz.

Galder Izagirre, David Gonzalez eta Gorka Urbizu | Ikusi handiago | Argazki originala

Denbora da poligrafo bakarra disko hirukotxaren ostean, lan laburragoa dakar orain Berri Txarrak-ek. Hamar abesti sartu ditue Infrasoinuak izeneko honetan, alkarren artean desbardinak estilo aldetik, baina taldearen ohiko ikutuari eutsita. Ez da disko apurtzailea, ez dakar estilo aldaketa bat, baina oinarri sendoa dauka, azaldu dau Gorka Urbizu kantari eta gitarra joleak.

Entzuten ez doguzan baina egon badagozan hainbat soinu, ahots edo aldarrikapen dagoz munduan, eta horreei erreferentzia egiten deutse izenburuak. Gaurko gizartea kritiketako erabili dogu izenburua, pentsau zenbat herri, kolektibo eta abar dabizan alarma hotsa zabaltzen, baina zenbat burruka egin behar daben euren ahotsa entzun daiten. Gai hori hainbat abestitan landu dabela dino Urbizuk, baina zehaztu dau Infrasoinuak ez dala disko kontzeptuala.

Estadu Batuetako Colorado estaduan grabau dabe Infrasoinuak, Bill Stevenson eta Jason Livermore produktoreen The Blasting Room estudioan. Txilen alkarregaz jotako kontzertu baten egin eutsen Stevensonek beragaz grabetako proposamena, eta Berri Txarrak-eko kideek berehala onartu eben. Descendents taldearen liderra da Stevenson, punk rock estiloaren aitzindarietako bat.

Ameriketan egin doguna hemen be egin ahal izan dogu, baina prozesu aberasgarria izan da hara joatea, azaldu dau Galder Izagirre bateria joleak. Ikasgai sendoa izan da, estudio haretan lan egiteko modu berezia daukie. Hango bost lagun prozesuan guztiz inplikauta egon dirala azaldu dau David Gonzalez baxu joleak, eta hiru estudio batera erabili dituela grabazinoetan.

Kantuetako musikea eta berbak Gorka Urbizuk sortu ditu, beste taldekideen laguntzinoagaz. Azalaren diseinua, ostera, Simón Prades jatorri nafarreko alemaniarraren esku egon da.

Infrasoinuak aurkezteko kontzertuak 2018an hasiko ditu Berri Txarrak-ek. Lehenik eta behin, Asiatik bira luzea egingo dabe. Oraindino hitzordu guztiak adostu barik daukiez, baina Txinan, Japonian, Indonesian eta Tailandian egongo dirala baieztau dabe.

Ondoren, hiru kontzertu baino izango ez dituan bira labur bat erabiliko dabe diskoaren benetako aurkezpena egiteko. Horreetako bat Barakaldoko BECen izango da, martiaren 17an. Aurreko biretako kontzertuetan sarrerak agortu egiten ziranez, orain areto handi baten alde egin dabe. Jai erraldoia antolatu nahi dogu, dinoe taldekideek. Bira labur horretan Bartzelonan eta Madrilen be joko dabe. Gorka Urbizuk adierazo dauenez, ahalegina egingo dogu kontzertu gogoangarriak izan daitezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu