Bederatzi ikuskizun, Sestaoko XXXI. Txotxongilo Jaialdian

Bizkaie! 2017-11-22 12:46   Kulturea

Bertoko eta atzerriko konpainien lanak ikusi ahal izango dira zemendiaren 25etik abenduaren 3ra.

'Jon Braun' ikuskizuna | Ikusi handiago | Argazki originala

Sestaoko Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdiak ez dau huts egin eta urteroko hitzorduari eutsi deutso aurten be eta dagoeneko, 31 edizino bete ditu ekimenak. Txotxongiloen ikuskizun klasikoak ez eze, genero horregaz zerikusia daben bestelako adierazpideak be badagoz egitarauan.

Aurten, bederatzi konpainia ekarriko ditue eta horreetako bik saio bikotxa egingo daben ezkero, hamaika emonaldi izango dira guztira. Zemendiaren 25etik abenduaren 3ra, egunero egongo da emonaldi bat arratsaldeko 19:00etan (domeketan 18:00etan). Zapatuetan, baina, emonaldi bi egongo dira: 17:30ean eta 19:30ean. Udal Eskola Publikoan izango dira ikuskizun guztiak eta sarrerak lau euroan salduko dituala azaldu dau Sestaoko Udalak.

Egitarauan euskerazko obra bi dagoz, Anita Maravillas konpainiaren Jon Braun eta La Enana Naranjaren Kontu kantari II, mendian ibiltari. Miren Larreak eta Valentina Raposok sortu eben Anita Maravillas taldea Bilbon eta bosgarren lana dabe Jon Braun, indio txikiaren abenturen kontakizun atsegina.

La Enana Naranja, ostera, disziplina arteko espazio baten emoitzea da, arte eszenikoen inguruko proiektu ugari daukiez, txotxongiloez gan: performance-ak, kontzertuak eta abar. Hain zuzen be, Sestaon aurkeztuko daben ikuskizuna txotxongiloen, musikearen eta antzerkiaren arteko nahasketea da. Beti-betiko euskal kantuak hainbat erritmo eta estilotara egokituta ikuskizunerako, helduek abestiak gogoratu deiezan, eta umeek, ikasi.

Programazinoko ganerako ikuskizunen artean, hainbat lekutatik etorritako artistak dagoz: Espainiatik, Argentinatik, Italiatik eta Brasiletik. Gaztelaniazko ikuskizunak dira horreetako bost, mutuak beste biak. Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu