Joseba Tapia: ‘Ez dot soinu txikia itxi eta ez dot sekula itxiko’

Ainhoa Lores 2017-11-27 10:33   Barriketan

Musikaria.

Askok trikitilari jantziagaz ezagutu dabe Joseba Tapia. Umetatik ibili izan da plaza batetik bestera trikitixeagaz, halandabe, musikeari jagokonean, nahiko promiskuotzat dau bere burua eta soinu txikiaz gan, gitarra elektrikoa joten be badaki. Horixe da hain zuzen be Besamotzak lanaren barrikuntza nagusia.

Azken hamarkada bietan bakarlari ibili da eta bakarkako abentura horren emoitzak dira kaleratu dituan sei diskoak. Danetara ehun abesti sortu ditu eta horreen guztien artean hamaika aukeratu ditu bere lan barrirako, gehienak Real Politik bildumatik hartuak.

 

1.- Joseba Tapia eta trikitixea beti izan dira bat, holan ezagutu izan doguz beti. Baina, joan dan urtean, musika tresna hori alde batera ixtea erabagi zenduan eta gitarra elektrikoa joten jarri zinan. Zer aldatu zan zugan?

Parkatuko deustazu ohartxu bat. Musikari batzuk promiskuo samarrak izaten gara tresnakaz, ni ikusia naz Natxo de Felipe jaialdi berean gitarrea, soinu handia eta panderoa joten. Antton Valverde gitarra jotzaile agiri da baten, piano jotzaile hurrengoan. Beste tresna bat hartzeko ez da beharrezkoa aurrekoa ixtea. Nik behintzat ez dot soinu txikia itxi eta ez dot sekula itxiko. Baina nire sasoiko gazte guztien moduan maite dot gitarrea, melodiak egiteko be erabili izan dot. Zer aldatzen dan norberaren barruan honen edo haren aukeraketea egiteko? Arrazoi asko egon leikez, ildo barriak urratu nahia, letrei beste giro bat emotea, holako saioak eginez maila musikalean aberastea...


2.- Ingurukoek zelan hartu eben musika estilo aldaketa hori?

Ingurua ez da errepresentatiboa, ikaragarri lagun portau leiteke edo ikaragarri kritiko. Berotasun hori dauka. Hain zuzen, ingurua gainditu eta publiko zabalera heltzea izaten dogu erronkea. Egia esan, trikitilariona nahiko inguru zabala da, jarraitzaile asko eta leialak doguz, baina beste esparru batzuetan saiatzeko preminea izaten dot nik tarteka. Musikari sentidutearena edo.


3.- Erabagi horregaz batera, Besamotzak taldea sortu zenduan. Zelan izan zan?

Bakarkako ibilibidea hasi nebanez, ehun kantu argitaratuak dodaz eta kezkea hor neban: heldu ete dira? Ezagutzen ete ditu jenteak? Gustau ete jake? Bestetik, kantuak ez doguz sortzen disko baten barruan, armairuan hautsak hartzen egon daitezan. Kantetako sortzen doguz eta ni beti kanturako irrikan. Holan, beste aire bat emonez, rock usain pixka bategaz berrargitaratzea pentsau neban. Besamotzak taldekoei dei egin neutsen eta hareen baietza jasotean, estudioan sartu ginan.     


4.- Hasieran, zuzenekoak egiteko asmoagaz bakarrik jaio zan taldea.

Kontzertuakaz bakarrik gitxi eretxita, irratietan, telebistetan, txosnetan, autoetan, belarrietan ezartea beharrezko ikusi genduan. Moldaketak egiten hasi, entseguak atondu, diskoetxeagaz berba egin eta aurrera. Gaztelupeko Hotsak zigilukoek babes handia eskaini eusten proponidu neutsienean. Jonan Ordorikaren estudioetan grabau dogu eta azpimarratu nahiko neuke erakutsitako dedikazinoa eta maila profesionala.


5.-  Azken hamarkada bietan ia ehun kantu sortu dozuzala dinozu, errepertorio horretatik hamaika aukeratu dozuz orain, asko Real Politik diskokoak. Zeren arabera egin dozu aukeraketa hori?

Erritmo eta rock estetikara hurreratu nahi horrek pisu handia izan dau aukeraketan. Erritmo estandarretatik abiatu eta inork aurreikusi barik zein kantu datorren, sorpresan sartzea zan kontua. Horregaitik hainbat kantuk sarrera nahikoa luzea dabe. Lehenik jentea jantzan jarri nahi genduan eta gero kantura eroan.


6.- Betiko esentzia horri eutsi deutsazue abestietan, komentau dozun moduan, hor da trikitixea.

Batzuetan hortxe agiri da baina gitarreak dau presentzia nabarmenena. Lehendik be holakoetan ibiliak gara; gitarra eta trikitixearen arteko loturak askotan egin doguz eta orain hainbat kantutara ekarri dot. Tapia eta Leturia Band-en usaina nabaritzen da batzuetan, Zaldiboboren antza be hartu leiteke besteren baten. Osogaiak eskura nituan eta erabili egin dodaz gupidarik barik.


7.- Disko honetarako alboan izan dozuez hainbat musikari, tartean, Dani Narbarte, Txuma Murugarren, Maider Ansa…

Aspaldiko lagunak dodaz guztiak. Txuma Murugarren, Andoni Tolosa Morau eta Beñardo Goietxe nire kantari belaunaldikoak dira eta euren ondoan babesa sentiduten dot, eta konplizidadea. Maider Ansa be gremiokoa da eta alkarregaz zeozer egiteko zirikatzen ibili zan. Oso parte hartze sinbolikoa izan dabe disko honetan, baina niretzat garrantzitsua. Bestetik, aitatu beharrekoa da Dani Narbarte, beragaz hasi gendualako ibilbide hau. Zutabe garratzitsua izan da Besamotzak taldean. Azkenik Jexux Aranburu Txus konbidau dot, Tapia eta Leturia taldekoa. Organo jotzaile bikaina da.


8.-  Umea zinala hasi zinan musikearen munduan, Euskal Herria asko aldatu da sasoi horretatik hona. Zelan ikusten dozu sasoi bateko publikoa eta oraingoa?

Entzuleak beti sortzen deust errespetua eta urduri, baina irrikan urteten dot entzulearen aurrera. Haren oneretxia beharrezkoa izaten dot, euren erreakzinoa benetakoa da beti, ez dau gezurrik esaten. Laster jaubetzen naz gustuko izan daben edo ez, horretan ez da entzulea aldatu eta eskerrak, bestela ez neuke jakingo aurrera zelan egin.

Aldatu dana teknologia da, entzuteko modua, jenteagana heltzeko kanalak... Formatua be aldatu da. Orain airean dabil musikea, bluethooth eta wifi bidez entzuten da...


9.- Eta musikea konsumiduteko modu horrek zelan eragin dau zure ibilbidean?

Interneten bidez konsumiduten dau jenteak musikea, baina txarrena munduko musika produktore handienakaz lehiatu beharra da. Orain babes gitxiago dogu, dialean toki gitxiago be bai, telebistetan, irrati formuletan sartzeko aukerarik ez dogu izaten eta gazteakana heltzea askoz gatxagoa da, diskoetxeak be larri dabiz eta. Kontzertuen antolaketan enpresak sartu ziranetik babes gitxiago izaten dogu. Estadu espainolak be kontrol handiagoak jarten ditu eta zerga handiagoak gure ekitaldiak atondu nahi dituenari. Honatx gure negarrak...


10.- Gazteakan jarri dozu arretea. Eurakana zelan heldu da zure buruhaustea.

Gazteak gure motorra dira, euren babes barik akabo gurea. Emonaldia, zuzeneko musikea izan leiteke gazteakaz konektetako modua. Behar dogu interakzino hori. Gazteei lagundu behar deutsegu gazteek lagunduko deuskuelako.


11.- Diskoa aurkeztu eta gitxira kontzertua eskaini dozue Usurbilen. Zelako harrerea izan dau?

Aretoa beteta egoan eta ikusmin handia. Kantuan jarri genduan jentea eta horrek poza emon eustan eta odola barriztauta sentidu neban, indarbarrituta urten genduan handik. Uriburu guztietan doguz saioak eta gerrea emoteko prest gagoz. Erruki dot tristurea!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu