Xabier Leteren obrea aztertu dau Koldo Izagirrek

Bizkaie! 2017-11-22 13:11   Kulturea

Elurra ikusi dut izenpean argitaratu dau idazleak liburua, Elkar argitaletxearen eskutik.

Koldo Izagirre (Argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Leteren munduak aztertu dituala dino Koldo izagirrek eta bere erespide literario partikularraren araberako antologia bat ondu dau. Autortu dauenez, nire laborategian sartu eta dakidan apurra obrearen alde jarri neban, jarrera kritikoa baztertu barik. Pasaiakoak uste dauenez, lan honek Leteren obra eta bizimodura hurreraketa bat egiteko balio leike.

Izagirrek Leteren lehen liburutik azkenekora, poemarik esanguratsuenak aukeratu ditu, baita haren kantuen artean balio poetikorik handiena dabenak be. Irakurketa kronologikoa egin leiteke, testu zaharretatik barrietara, baina posible da bestelako ibilbideak egitea be: hain zuzen, poema edo kantu bakotxean, haregaz loturea daben beste testuetara bialtzen gaitu, gai bera lantzen dabelako zein antzeko irudiren bat dabelako…

Egileak hainbat ataletan sailkatu dau Elurra ikusi dut lana: alde batetik liburuaren beraren ganeko sarrera bat, bestetik kronologia bat, honetan Leteren bizitearen bilakaera politiko, ideologiko eta estetikoa erakusten dau; hirugarrenez, antologia modu kronologiko baten kontauta, eta amaitzeko epilogoa. Azken honek zati bi ditu, alde batetik, Letek poesiagaz izan zituan lotura nahasiak argitzeko eta bestetik, haren poesiaren nondik norakoak.

Koldo Izagirre Pasaian jaio zan 1953an. Idazle barritzailea eta goraipatua izan da. Literaturearen genero guztiak landu izan ditu bere lanetan: poesia, elebarrigintzea, saiakerea, ipuingintzea… Euskal idazle klasikoen liburu ugari beste hizkuntza batzuetara itzuli ditu eta baita literatura unibersaleko hainbat lan euskeratu be. Ume eta gazteentzako liburuak ondu ditu eta gidoilari lanetan ibili da telebistarako eta zinemarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu