Nazinoarteko kaligrafoen idazkiak ikusi leitekez EHUren Bizkaia Aretoan

Bizkaie! 2017-11-15 09:55   Kulturea

Arantzazun kaligrafia: idazketa ederraren artea erakusketea abenduaren 1era arte egongo da.

EHUren eta Arantzazu Gaur Fundazinoaren arteko alkarlanaren emoitzea da erakusketea. Bilbao Bizkaia Design Week zikloaren egitarauan sartu dabe, ganera. Eskuz idatzitako testuen balioa eta edertasuna nabarmentzea da helburu nagusia, ordenagailuen eta telefonoen eraginez bestelako idazkera batzuk nagusitzen hasi diran sasoiotan.

Salbatore Mitxelenaren Arantzazu: euskal-sinismenaren poema 1949ko obrearen poemak ikusi ahal izango dira, eskuz idatzita. Liburu hori euskal kultura tradizionalaren ondare literariorik garrantzitsuenetako bat dala dinoe EHUkoek. Testuak idatzi dituen 13 kaligrafoak nazinoartean entzutetsuenen artean dagoz: Ivan Castro, Ewan Clayton, Allan Daastrup, Jota Domínguez, Esther Gordo, Joluvian, Víctor Kamps, Oriol Miró, Mr. Zé, Josemaría Passalacqua, Joan Quirós, Esperanza Serrano eta Bego Viñuela.

EHUren barruko Letraz, Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko zuzendariak, Leire Fernández eta Eduardo Herrera, dira erakusketako komisarioak eta ondokoa adierazo dabe: Hemen miretsi ahal izango doguzan kaligrafiazko testuek agirian ixten dabe eskuz idatzitako testuaren balorea, trazuaren ezaugarri adierazkorren bidez. Eta holan probau ahal dogu kaligrafiak, idazketa ederrak, forman eta esanguran berbak goratzen dituala.

Abenduaren 1era arte dago ikusgai erakusketea, EHUren Bizkaia Aretoan, Bilboko Abandoibarra pasealekuan. Axular aretoan dagoz kaligrafiazko testuak eta doban bisitau leiteke. Eraikina astegunetan baino ez da zabalik egoten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu