New Yorken egonaldia egiteko beka deialdia zabalik

Bizkaie! 2017-11-15 09:40   Kulturea

Abenduaren 11ra arte izango dabe EAEko gradudunek izena emoteko aukerea.

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek abian jarri dabe beste behin be graduautako EAEko lau gazterentzat New Yorken egonaldia egiteko beken deialdia. 2018an izango dabe bertan egoteko aukerea. Parte hartu nahi dabenak abenduaren 11ra arte emon ahal izango dau izena.

Museo biek atondu daben programeak New Yorkeko Guggenheimen praktikak egiteko aukerea eskaintzen dau hiru hilebetez. Museo horrek hainbat aukera emoten ditu bertan lan egiteko, bai arlo artistikoan bai museogintzan, eta 2013/2014 eta 2016/2017ikasturteen artean graduautakoei zein graduondokoei zuzenduta dago.

Bertan parte hartu nahi dabenak Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak izan behar dira edo bestela, 2016ko urtarrilaren 1etik bertan bizitakoak. Horrezaz gan, ingelesezko maila altua izatea ezinbestekoa da, ahoz zein idatziz. Deialdiak praktika epe bi hartzen ditu: udan garatzekoa bata eta udagoienan bestea, izan be, horrek museoko askotariko arloetan lan egiteko aukera eskaintzea errazten dau; horreen artean dagoz: arte-ardura arloa, garapen saila, artapen arloa, hezkuntzea, erakusketen diseinua, finantzak, marketin saila, erregistroa eta argazkilaritzea, besteak beste.

Praktikek irauten daben hiru hilebeteetan ikasleek hainbat proiektutan parte hartu ahal izango dabe, beste arlo batzukaz hartu-emonean egongo dira eta, esperientzia osotuteko, bisitaldiak egingo ditue galerietara, bilduma pribaduetara, enkante-etxeetara eta uriko beste museoetara.

Udako egonaldia 2018ko bagilaren eta abuztuaren artean izango da; udagoienekoa, barriz, 2018ko urriaren eta abenduaren artean. Diru-laguntzinoa 3.500 dolarrekoa izango da.

Deialdirako oinarriak hemen ikusi leitekez. Horrezaz gan, hilaren 21ean, martitzenean, 17:00etan aurkezpena egingo dabe Bilboko Guggenheim Museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu