Bilboko Azkuna Zentroak 'Global Awards for Excellence' saria irabazi dau

Bizkaie! 2017-11-15 08:56   Kulturea

Mundu guztiko eraikinak hartzen ditu kontuan lehiaketa horrek.

Mundu zabaleko eraikinen artean bikainenak aukeratzeaz arduratzen da Urban Land Institute (ULI) erakundea, Global Awards for Excellence sarien bidez. 2017-18ko edizinoan, Bilboko Azkuna Zentroa, lehen Alondigea zana, nabarmendu dau epaimahaiak, bere jarduera bikaintasunez garatu eta espazioa zein baliabideak ezin egokiago erabilten ditualako, Bilboko Udalak jakitera emon dauenez.

Finalisten artean egon diran nazinoarteko 145 guneen artean, saria irabazi dauen Europako bakarra da Azkuna Zentroa. Bilboko eraikinagaz batera, beste 13 be saritu ditue, baina danak dira beste kontinente batzuetakoak, gehienbat, AEBkoak, baina Kanadakoak, Japoniakoak eta Singapurrekoak be badagoz.

Urban Land Institutek izentautako epaimahaian ekonomia, antolamendua, garapena, harreman publikoak, diseinua eta beste lan-diziplina batzuetako adituak dagoz. Epaimahaikideek azpimarratu dabenez, garatzen dan komunidadearen iraunkortasunagaz eta bizigarritasunagaz lankidetzan dabilen uri-garapena modu burutsuan eta barritzailean landu dau Azkuna Zentroak.

Sariok 1979tik emoten ditue, diseinuan, eraikuntzan, finantzetan, plangintzan eta kudeaketan bikaintasuneko mailarik handiena lortzen daben eraikinak nabarmentzeko eta personen bizi-kalidadea hobetzen dabenak txalotzeko. Praktika onenak identifikau eta sustatu nahi ditue sari honeekaz. Azkuna Zentroak urtarrilean jasoko dau 2017-18ko saria, Berlinen egingo dan ekitaldian.

Alondigearen eraikinaren zaharbarritzetik jaiotako proiektua, gero Azkuna Zentroa izena hartu ebana, 2010ean zabaldu eben. Philipe Starck diseinatzaileak egindako diseinuan oinarritu ziran eraikinaren funtzinoa eta itxurea gaurkotzeko. Artearen eta kultura garaikidearen zentroa da gaur egun, hainbat zerbitzu eskaintzeaz ganera: Kiroldegia, liburutegia, zinemak... Bilboko Udalak adierazo dauenez, Azkuna Zentroan uriaren historia eta abangoardia buztartzen ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu