Irakurzaletasuna bultzatu behar dala nabarmendu dabe Euskadi Sarietan

Bizkaie! 2017-11-14 08:39   Kulturea

Bilbon egindako ekitaldian omendu ditue aurtengo zazpi saridunak.

Saritu guztiak, Iñigo Urkullugaz eta Bingen Zupiriagaz batera (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Azkuna Zentroan banatu ditue Euskadi Literatura Sariak, Eusko Jaurlaritzako agintariak eta aurten saritutako autore guztiak bertan dirala. Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura sailburua izan dira erakundeen ordezkari nagusiak. Era honetako sariketak behar-beharrezkoak dirala azpimarratu dau Urkulluk, idazleen lana autortzeko modua diralako. Horregaz batera, idazleen lana agirikoagoa egiten lagundu nahi dogu eta, bide horretatik, irakurteko konbita egin eta irakurzaletasuna sustatu nahi dogu, ganeratu dau.

Bingen Zupiriak, bere aldetik, irakurleen txandea dala adierazo eta, horretarako, irakurzaletasuna bultzatzearen alde egin dau, Lehendakariak egin dauen legez. Sarituek egindako lana txalotu dau sailburuak: Aurtengo uzteak era guztietako lanak ekarri ditu, guztiek, bakotxak bere erara, gauzak ikusteko ikuspegi bat eta literatura-adierazpenari heltzeko modu bat adierazoten dabe, zorionak guztiei.

2017ko Euskadi Literatura Saria irabazi daben zazpi autoreak Bilboko ekitaldian izan dira: Asier Serrano, Euskerazko Literatura modalidadean; Fernando Aramburu, Gaztelaniazko Literaturan; Arantxa Urretabizkaia, Euskerazko Saiakeran; Ander Izagirre, Gaztelaniazko Saiakeran; Leire Bilbao, Ume eta Gazte Literaturan; Mikel Valverde, Literatura Lanaren Ilustrazinoan; eta Matías Múgica, Literatura Lanaren Ilustrazinoan.

Bakotxak 18.000 euroko saria izango dau, eta beste 4.000 euro eskura leikez, bere lana beste hizkuntza baten argitaratzen bada. Urtero legez, zazpi epaimahai berezituk erabagi ditue aurtengo irabazleak.

Irabazleek esker onez hartu dabe saria. Pello Ramirez musikariak eta Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek parte hartu dabe, ganera, Azkuna Zentroko sari banaketan, bakotxak bere arloko emonalditxua eskainiaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu