Julen Kaltzada euskaltzalea hil da

Bizkaie! 2017-11-13 13:06   Kulturea

Joan dan astean aurkeztu eban Umezurtzen aberria liburua.

Francoren diktadurearen sasoiko eta osteko Euskal Herrian ezinbesteko eragile izan da Julen Kaltzada, arlo askotan nabarmenduada. 1935ean jaio zan, Busturian, eta 1937an galdu eban aita, faxistek fusilauta. Abadetza ikasketak egin eta gero, Orozkon eta Iurretan ibili zan parroko. Orduan ekin eutsan euskal kulturearen aldeko militantziari.

Diktadura bete-betean, tirabira bat baino gehiago izan zituan agintariakaz, esaterako 1968ko Derioko Seminarioko itxialdian eta 1969ko greban parte hartu ebanean. Gero, Burgosko Prozesuko epaituetako bat be izan zan eta kartzelan sartu eben, Amnistia Legeagaz kalera urten eban arte. Frankismoaren krimenak ikertzeko kereilearen harira, Maria Servini epailearen aurrean lekukotzea emon eban, gerreak umezurtz itxi eban ezkero.

Euskalgintzan egindako ekarpenari jagokonez, Kaltzada euskerearen irakaskuntzan aitzindari izan zala aitatzekoa da. Besteak beste, AEK-ren bultzatzaile eta Korrikaren laguntzaile izan zan. Irakasle jardun eban urte askoan. Bestetik, idazle oparoa be izan zan. Joan dan astean bertan aurkeztu eban Umezurtzen aberria liburua, baina aurretik be makina bat artikulu plazaratuak zituan, baita Herriak eta gizonak saiakerea be.

Julen Kaltzada 82 urtegaz hil da. Barria jakin eta berehala, euskalgintzako eta gizarteko hainbat lagunek Kaltzadaren urte luzetako lana gogoratu dabe.

 

Julen Kaltzada, lekukoa eskuan, Korrikaren hasierako edizino baten

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu