David Hockney, barriro Bilbon

Bizkaie! 2017-11-10 08:22

Artista birtainiarrak egindako erretratuak batu ditue Guggenheim Museoko erakusketa barrian.



Orain dala lau urte, David Hockneyren erakusketa handia atondu eban Bilboko Guggenheim Museoak, paisajeeen bilduma batetik abiatuta. Orain, ostera, erretratuak dira pintore ingelesari eskainitako bigarren erakusketa honetako ardatza. 2018ko zezeilaren 25era arte, Royal Academy of Arts erakunde entzutetsuagaz batera antolatutako erakusketa hau Bilbon ikusi ahal izango da. Edith Devaney da komisarioa.

Erakusketearen izenburua, 82 erretratu eta natura hil 1, bisitariek topauko dabenaren laburpen zehatza da, izan be, horixe bera dago Guggenheimen, David Hockneyk Kalifornian egindako 82 erretratu eta, bildumearen ale bitxiena, barazki eta fruta batzuen marrazkia. Erretratu guztiek antzeko ezaugarriak ditue: Tamainu berekoak dira (192 x 91 zm), modelo guztiak aulki berean jezarrita agiri dira, antzeko posizinoan; a antzeko kolore eta tonuakaz, Kaliforniako argi distiratsuaren eragin nabarmendunak. Koadro bakotxa hiru egunean egin eban.

Koadroetako modeloak Hockneyren senideak, lagunak eta ezagunak dira. Bakotxaren izakerea agirian ixtea da bere asmoa, hurrekotasun epel batetik. Inguruko elementu guztien uniformetasunak, modelo bakotxaren desbardintasunak nabarmentzen laguntzen dau.

2013 eta 2016 urteen artean Hockneyk egindako erretratu serie baten parte dira Bilbora ekarritako koadroak. Guztira, 90 baino gehiago marraztu zituan, eta 82 ikusi leitekez. Ganera, natura hil bat be badago tartean, baina hori be serie horretako zatitzat hartu leiteke. Izan be, behin modeloetako batek huts egin eutsan Hockneyri, eta geldi ez egotearren, inguruan eukana marraztea pentsau eban, kasu haretan fruta eta barazki batzuk. Kolore eta teknika aldetik erretratuen antzekoa da natura hila.

Serie honegaz, Hockneyk barriro ekin eutsan erretratuari, indar handiz ekin be. Izatez Ingalaterrakoa, Yorkshirekoa dan arren, AEBetako Los Angeles inguruan marraztu zituan erretratuok, uri haretako arte-egoerearen eta azken urteotan topau dituan personen inguruko ikuskera intimoa erakusteko asmoz. Edith Devaney komisarioak proponiduten dauen ibilbidea ia kronologikoa da, artistearen beraren barruko mundua ezagutzeko aproposa. Hockneyk berak be artelan kolektibo bakartzat dauka erretratuen moltso guztia.

2018ko zezeilaren 25era arte egongo da 82 erretratu eta natura hil 1 Guggenheim Museoan. Ganera, zemendiaren 15ean, bisitaldi gidatu berezia antolatu dabe, Petra Joos Museoko arduradun artistikoa gidari dala. Hilaren 22an, ostera, Marta Arzak Hezkuntza eta Interpretazino zuzendariordeak emongo ditu azalpenak.

2017/11/10 - 2018/02/25

Bilboko Guggenheim Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu