Twitterreko txioetan 280 karaktereko mugea egongo da aurrerantzean

Bizkaie! 2017-11-09 08:49   Kulturea

Orain artekoaren bikotxa da hori.

Mezu laburren sare soziala da Twitter, baina aurrerantzean horreek mezuok norberak gura izan ezkero, luzeagoak izan ahal izango dira. Orain dala ordu batzuetatik, mezu edo txio bakotxean idatzi leitekezan karaktereen kopurua bikoxtu egin da, hau da, 140 karakteretik 280ra.

Badira aste batzuk Twitter frogak egiten hasi zala, 280 karaktereko mugea ezarteko aukerea aztertzeko. Erabiltzaile batzuei 280 karaktererainoko mezuak idazten itxi eutsien denpora batez. Probaldia arrakastatsua izan dala emoten dau, orain erabiltzaile guztiek aukera hori daukielako.

Erabiltzaile batzuek ontzat jo dabe muga barria, mezu luzeagoak eta, beraz, landuagoak bialtzeko aukerea emongo dauelako. Txio-kateak, edo azalpen luzeak emotea alkarri lotutako txio bat baino gehiago erabilita, asko erabilten izan dira azkenaldion. Holakoak idazten dituenei lana erraztuko deutse muga barriak.

Twitterreko arduradunek azaldu dabenez, erabilpena eta erosotasuna gogoan izan ditue aldaketea egiteko orduan. Batetik, ikusi dabe 280 karaktereko mugeagaz erabiltzaileek sarriago idazten dabela eta, bestetik, Twitter erabiltea erosoago bihurtu nahi izan dabe, txio laburren esentziari uko egin barik. Frogetan ikusi dabenez, erabiltzaileak gehiago idaztera bultzatzen ditu 280ko mugeak, baina mezu gehienek 140 karakteretik beherakoak izaten segiduten dabe.

Beste erabiltzaile batzuek, ostera, ez deutsie horren harrera berorik egin neurri barriari. Twitterren oinarria laburtasunean eta ideak ondo sintetizauta idaztean dagoala uste dabe, eta 140 karaktereko mugea sare sozial horren nortasunaren parte dala. Mezu luzeagoak idazteko, beste sare sozial batzuk badagozala gogoratu dabe horreek.

Bitxikeria legez, Twitterrek azaldu dau txineraz, koreeraz eta japonieraz 140 karaktereko mugeari eutsi deutsala, hizkuntza horreetako idazkereagaitik berez be muga zabala dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu