Hutsetik hasi arren, ohiko nortasunari eutsi deutso Governorsek

Dabi Piedra 2017-11-08 13:37   Musikea

Taldearen seigarren diskoa da Z.E.R.O. (Baga-Biga).

Governorseko bost kideak, Bilbon egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Badira lau urte Governors taldeak estudioko diskorik ez dauena kaleratu, bitarte horretan zuzeneko DVD bat izan da argitalpen bakarra. Horregaitik, kontagailua hutsean jarri eta barriro hasteko gogoz sortu dabe Z.E.R.O. izeneko lan barria. Igaz urte osoa eten moduko baten pasau eta gero, aurten egin dabe lan guztia, abestiak sortzetik grabazinoraino.

Disko bakotxa zeure burua aldatzeko aukerea da, ganera aldaketa asko izan doguz: taldekide barriak, aspaldiko partez estudioko diskoa... azaldu dabe taldekideek. Horregaitik, Z.E.R.O. izen aproposa dala uste dabe. Diskoaren diseinua be, Nestor Urdanpilletak egina, idea horren ingurukoa da. Metamorfosia gogora dakarren figurak agiri dira, tximeletak esaterako. Artista hutsa da, esan dabe Governorsekoek, Urdanpilletaren lana aitatzeko orduan.

Arpegi bi daukaz diskoak, batetik kanta metaleroak, bestetik suabeagoak, azaldu dabe. Dana dala, Governorsek beti izan dauen nortasunari eutsi deutsala ziurtatu dabe kideek. Hau da, metal eta rock-metal doinuak dira nagusi diskoko hamar abestietako gehienetan. Hainbat kolaborazino izan ditue: SA-ko Jimmy, Aitor Antruejo, Koldo Uriarte eta abar.

Besteak beste, Mikel Etxaburu eta Aiert Goenagak idatzi ditue abestietako berbak. Eduki sozialak, politikoak, kanta personalagoren bat... dagoz, baina gaiak ez errepetiduten ahalegintzen gara, edo beste ikuspegi batetik begiratzen. Taldekideek azpimarratu dabe heldutasuna adierazo nahi izan dabela diskoagaz.

Lau urtean abesti barririk plazaratu barik egon eta gero, beraz, jenteari zeozer barria eskaintzeko gogoz dago Governors. Gaur egungo taldekideak honeek dira: Jsang (ahotsa), Jorge (baxua), Ander (gitarrea), Heloy (bateria) eta Aitor (gitarrea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu