29. Bilbo Uria Pop Rock Lehiaketako finalak asteon egingo ditue

Bizkaie! 2017-11-06 13:09   Musikea

Hiru modalidadetako kontzertuak egongo dira, eguenean, barikuan eta zapatuan.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Kanporaketak jokatu eta gero, Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketea azken txanpara heldu da. Hiru egunez, zemendiaren 8tik 10era, Europan erreferente bihurtu dan sariketa honetako finalak jokatuko dira Bilborock aretoan (20:00etan). Hiru modalidade dagoz eta bakotxaren finala egun baten izango da: Elektronikea eta joera barriak eguenean; Metala barikuan; eta Pop-Rocka zapatuan.

Talde gazteei eta hasibarriei zuzenean joteko eta euren burua ezagutzera emoteko aukerea eskaintzea da Bilbo Uria Lehiaketearen helburua. Horregaitik, 18 eta 35 urte bitarteko kideak daukiezan taldeek parte hartu leikie. Bilboko Udalaren eskutik, dagoeneko 29. edizinora heldu da lehiaketea.

Aurten, kalidade handiko taldeak aurkeztu dirala dino Bilboko Udalak, kanporaketetan guztira batu diran 1.700 entzuleak horren erakusgarri. Hiru kategoriak batera hartuta, 34 taldek jo dabe kontzertuotan, hasieran izena emon eben 486en artean aukeratuak. Finalistak nortzuk izango diran erabagiteko, epaimahai profesionalaren, gazteen epaimahaiaren eta publikoaren eretxiak kontuan hartu dira. Salbuespena musika elektronikoaren atala da, izan be, hor epaimahai profesionalak aukeratu ditu lau finalistak.

Eguenean, zemendiaren 8an, honeek taldeak izango dira oholtzan, Elektronika eta joera barriak ataleko finalean: Fuerte Bandido (Madril), Skygaze (Asturias), Planetoid (Frantzia) eta C.I.A.N.U.R.O (Madril).

Barikuan, hilaren 9an, Metal ataleko finalean, honeek egongo dira: Hex (Bizkaia), Valkyria (Bizkaia) eta Pandemia (Kantabria).

Amaitzeko, Pop-Rockaren alorrean, honeek pasau dira zemendiaren 10eko finalera: Alien Tango (Murtzia), Los Bengala (Zaragoza) eta Los Estanque (Kantabria).

Sari nagusiez gan, epaimahaiak emondako sari berezia be banatuko dabe, eta babesleek be sari batzuk emongo ditue. Finalak streaming bidez ikusi ahal izango dira.

Informazino gehiago, hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu