'Errementari' saritu dabe Donostiako Bildurrezko eta Fantasiazko Astean

Bizkaie! 2017-11-03 12:47   Zinemea

Film luzerik onenaren publikoaren saria emon deutsie.

Gaur amaituko da Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Astearen 28. edizinoa eta dagoeneko palmaresaren barri emon dabe. Paul Urkijok zuzendutako Errementari pelikuleak ikusmin handia sortu dau ikusleen artean eta, horri esker, film luzerik onenaren publikoaren saria emon deutsie. Jaialdian nazinoarteko beste hainbat proiekzinogaz batera lehiatu da euskerazko pelikula hau.

Sitgesen estreinau eben orain dala aste batzuk eta handik Euskal Herrira emon eban saltoa bildurrezko jaialdiaren 28. edizinoan parte hartzeko. Paul Urkijo zuzendariaren ustez plaza garrantzitsua da Donostiakoa, eta autortu dauenez, ohore bat izan da bertan Errementari aurkeztea.

Filmean Ramon Agirre, Kandido Uranga, Itziar Ituño eta Maite Bastos, besteak beste, ibili dira aktore lanetan. XIX. mendeko Araban dago girotuta Errementari eta bertako euskalkia erabili dabe. Patxi Errementariaren ipuinean oinarritutako istorioa da.

Errementari izan da, beraz, Fantasiazko eta Bildurrezko Asteko protagonista nagusietako bat, baina ez bakarra. Espainiako film laburrik onenaren saria Rip lanak eroan dau, Film Luzerik Onenaren Urrezko Blogoa, ostera, The Endless pelikuleari emon deutsie. Gazte epaimahaiaren saria When Demons Die-rentzat izan da eta Zidarrezko Melies saria, Europako film laburrik onenari, Clanker Man-ek eskuratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu