Zinema Euskaraz-ek presentzia handiagoa izango dau Araban

Bizkaie! 2017-11-03 08:36   Zinemea

Laudio Top Zinemeagaz hitzarmena sinatu dau Jaurlaritzeak.

Aitziber Atorrasagasti, Jose Duarte eta Alfonso Benegas (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzearen menpeko Zineuskadi erakundeak sustatutako Zinema Euskaraz programeak Araban dauen presentzia areagotuko dau, Laudio Top Zinemeagaz sinatutako akordioari esker. Arabako udalerri horretako zinema-areto bakarrak bat egin dau, ganera, EZAE, Euskadiko Zinema Aretoen Alkarteak bultzatzen dauen Bidaiariak Zinemara egitasmoagaz.

Jaurlaritzako Kulturea Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti akordio honen aurkezpenean izan da, Laudioko zinema-aretoan. Beragaz batera, Laudioko zinema-aretoa kudeatzen dauen DECU Audiovisuales y Cultura enpresearen arduradun Jose Duarte eta EZAEko presidente Alfonso Benegas egon dira.

Eusko Jaurlaritzeak ahalegin ekonomikoa egiten dau, Zineuskadiren bitartez, euskerazko eskaintza esanguratsua heldu daiten zinema-aretoetara, adierazo dau Atorrasagastik. Helburua da ahalik eta ikusle gehienakana heltzea eta, Laudioko aretoagaz sinaturiko akordioari esker, Zinema Euskaraz programea Aiaraldeko eta Arabako milaka personagana hurreratuko dogu.

Zinema Euskaraz-en barruan, Zineuskadik euskerara bikoxtutako hamabi nazinoarteko estreinaldi inguru aurkezten ditu urtero Euskal Autonomia Erkidegoko aretoetan, animazino filmak gehienak. Eusko Jaurlaritzeak 366.000 euro inbertidu ditu aurten programa horretan. Halandabe, egitasmoak ez dau leku handirik izan Araban orain arte, Bizkaiagaz eta Gipuzkoagaz alderatuta. Laudio Top Zinema egitasmora batu dan ezkero, euskerara bikoxtutako filmen eskaintzea nabarmen haziko da Araban, abendutik aurrera.

Ganera, Zinegabonak ekimena be Laudiora helduko da aurten, lehen aldiz. Programa hau erkidegoko hiru uriburuetan egiten da, baina aurten Gasteizen antolatu beharrean Laudio Top Zineman izango da Arabari jagokona. Gaztetxuentzako hainbat jarduera antolatuko ditue programa horren barruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu