Xabier Etxeberriak irabazi dau Augustin Zubikarai Saria

Bizkaie! 2017-11-02 09:49   Kulturea

Berriro itzuliko balitz nobelea idazteko proiektuagaitik emon deutsie bekea.

Xabier Etxeberria | Ikusi handiago | Argazki originala

Domu Santu egunez Ondarroan egindako ekitaldian jaso eban saria Xabier Etxeberria Garro zarauztarrak. Nobelak sortzeko Augustin Zubikarai sariketearen 17. ekitaldiai izan da aurtengoa, Elkar argitaletxeak eta Ondarroako Udalak antolatuta. Berriro itzuliko balitz izeneko liburu baterako proiektua aurkeztu eban Etxeberriak eta urtebeteko epea dauka orain egitasmo hori gauzatu eta nobelea amaitzeko. Xabier Mendiguren, Ana Urkiza eta Leire Bilbao egon dira epaimahaian.

Euskerazko sorkuntza literarioa bultzatzea eta idazleei babesa emotea da lehiaketearen helburu nagusia, izan be, 6.000 euroko bekea emon deutsie irabazleari: Erdia atzoko ekitaldian jaso eban Etxeberriak eta beste erdia nobelea amaitzen dauenean emongo deutsie.

Ibilbide luzea dauka euskerazko literaturan Xabier Etxebarriak. Egun denak ez dira berdin izan zan bere lehenengo nobelea eta ondoren umeentzako literaturan ibili da gehienbat. Martin Etxeberria anaieagaz batera plazaratu ditu hainbat liburu, esaterako oraintsu ateratako Gizon gogorraren sekretua. Martin anaiea ez eze, Aitziber arrebea be idazlea dau Xabierrek.

Literatur Amuak jaialdia martxan dago egunotan eta egitarauaren barruan egon zan Augustin Zubikarai saria Etxeberriari emoteko ekitaldia. Ganera, hitzordu hori erabili eben nanoipuinen lehiaketako irabazleen barri be emoteko. Aurtengo edizinoa seigarrena izan da eta 52 nanoipuin aurkeztu dira. Gehienez 140 karaktere dituen istorioak dira nanoipuinak. Lehenengo saria Jon Badiolak irabazi dau, testu honegaz: Iratzargailuak joaz batera hasi zen negoziazioa. Betebeharrek gogor ekin zuten nire askatasunaren alde, baina izarek preso hartu ninduten ziega goxo hartan.

Bigarren saria, barriz, Lore Txakartegiri emon deutsie. Hauxe bere nanoipuina: Zopa egin berriaren usainak haurtzaroa gogorarazi zion. June betiko mahaian eseri zen. Beste egun bakarti bat kartzelako jantokian.

Hirugarren saria, Rosa Maria Ituiñorena, honako hau: Margolanean, egurrezko itsasontzia hondoratzen agertzen zen. Haren  hondakinez eginda zegoen markoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu