Potentzia kultural izateko bidean, Txinak huts

Zigor Aldama 2017-10-31 13:33   Bidaide

Txinak potentzia global bihurtu nahi dau, baina bere eragin kulturala hutsaren hurrengoa da, dino Yan Lianke idazleak.

Orain dala zazpi urtetik munduko bigarren potentzia da Txina. Shanghaiko Erakusketa Unibersalagaz bat, Asiako erraldoiak Japonia gainditu eban arlo ekonomikoan. Halandabe, kulturearen arloko produkzinoa -batez be literaturan, musikan eta zinemagintzan- urrun dago oraindino betidaniko etsai japoniarren nazinoarteko zabalkundea lortzetik. Ez hori bakarrik, herrialde nabarmen txikiagoek, esaterako Hego Koreak, hedapen handiagoa daukie.

Eta ez da baliabiderik ez dagoalako. Zinemearen sektoreak erakusten dau hori. Txinako pelikulen aurrekontuak nabarmen hazi dira, eta horren ordainetan txarteldegian arrakasta ikusgarriak heldu dira. Baina Txina barruan baino ez. Horren adibidea da Wolf Warrior 2, herrialdearen historian dirurik gehien batu dauen filma, orain dala hilabete eta erdi estreinatua eta, 27 miloe euro kostau eta gero 640 miloe batu dituana. Zifra horri esker, txarteldegian arrakasta handiena izan daben ehun pelikulen zerrendan sartu dan lehenengoa da, Hollywoodetik kanpo produzidutakoen artean.

Halandabe, Estadu Batuetan eta Erresuma Batuan estreinau bada be, Txinatik kanpo ikusle gitxi batzuk baino ez ditu erakarri, batutakoaren % 0,3 baino ez da heldu atzerritik. Txinatar ez diran gehienentzat jasanezina da filma. Kontuan izanda akzinozko superprodukzinoa dala, Amerikan egiten diranen antzeko ezaugarriduna -heroiak, leherketak, nazinoarteko tramak-, zentzunezkoa da galdetzea zergaitik jazoten dan hori. Eszena askok ez daukie zentzunik, pertsonaiak sinisten gatxak dira eta nazionalismo txinatarraren hatsa jasanezina da, dino Shanghain Wolf Warrior 2 ikusi dauen espainiar batek.

Azken arrazoi hori funtsezkoa da. Filman agiri dan abertzaletasuna dala eta -Hollywooden be ohiko elementua da-, ikusle txinatar askok zutunik txalotzen dabe zintea kredituak agertzen diranean, baina atzera botaten ditu ikusle atzerritarrak, erregimenaren propagandatzat hartzen dabe eta. Pelikulearen amaierako esaldiak hori baieztau baino ez dau egiten: Atzerrian arriskuagaz topo egiten badozu, ez etsi. Gogoan hartu aberri poteretsuak babestu egiten zaituala.

Ez da lehenengo aldia larregizko abertzaletasunak atzerriko ikusleak aldentzen dituana. Ezta kontinentetik kanpoko txinatarrak be. Mekong Operazinoa, esaterako, igaz estreinau zan eta 155 miloe euro inguru batu zituan. Hong Kongen, ostera, 500.000 baino ez. Deigarria da, era berean, britainiarren kolonia ohian diru gehien batu daben txinerazko -mandarin zein kantondar- 20 pelikulen artean, Txina komunistan grabautako bat bera be ez egotea. Hong Kongeko audientziak ez ditu horreek elementu nazionalistak atsegin, adierazo eban Jeffrey Chick-ek, Harvest Entertainment-eko zuzendari nagusiak, South China Morning Post egunkarian.

Beste sektore askoren moduan, kulturea gobernuaren kontrol zorrotzaren menpe dago Txinan. Ganera, zuzenean edo zeharka, Estaduak herrialdeko antzerkigintzako, zinemagintzako eta musikagintzako produkzino asko finantzietan ditu. Zentsureak eta produktoreek ezarritako mugek espazio txikia lagaten dabe sormenerako. Ganera, marra gorri garbirik ez dagoanez, autoreek nahiago dabe autozentsurea eta segurtasunez mobidutea, azaldu dau Zhang Bingjian zinemagile eta dokumentalgileak.

Ondo daki zeren ganean berbetan dagoan, izan be, berak egindako North by Northeast polizia-thrillerra, estreinaldirako egun gitxiren faltan debekatu eben, pantailaratzeko baimen guztiak eukazanean. Baten bati ez jakon gustau poliziaren inguruan emondako irudia eta diru asko gastau behar izan genduan aldaketa piloa egiteko. Adibidez, zentsuratzaileei ez jaken gustau agenteek erretea, beste pelikula batzuetan hori baimendu eben arren. Zhangek, beste askoren moduan, zentsurea aleatorioa izatea kritikau dau, eta formazino artistikorik ez daukienen aldartearen araberakoa izatea.

Li Yu zuzendariak sano galarazota dagozan elementuen zerrendea egin dau: kritika politikoa, sexua, indarkeria, drogak eta, neurri bateraino, hartu-emon homosexualak. Horreek mugak antzerkian eta literaturan be badagoz. Yan Lianke idazlearen esanetan, atzerrian arrakastatsuak diran obra asko Txinan debekatuta egotea azaltzen dau horrek. Iraultza Kulturalari buruz berak idatzi dituan nobela batzuk horren erakusgarri dira. Beste batzuk, papelean zein zeluloidean, han eta hemen ebagita plazaratzen dira, eta horrek Txinan estreinetan diran atzerriko obrei be eragiten deutse.

Kontzertuetan, esate baterako, batzorde batek abesti guztietako berbak, edo txinerazko itzulpena, aztertu behar ditu baimena emoteko, eta bere gustuakaz bat ez datorren edozeini betoa ipinteko eskumena dauka. Jolin Tsai-k berak, mandopop estiloaren -mandarinerazko pop izarrak, onartu dau Madonnaren moduko abeslariei inbidia deutsiela, nahi dabena esan leikielako. Tsai-k, taiwandarra izan arren, bere abestietako berbak zorrotz neurtu behar ditu. Bideo baten, ezkondu egiten zan lesbiana bat interpretau eban eta Europan sekula sortuko ez zan polemikea eragin eban. Orokorrean, egoera horrek umeen pare ipinten dau audientzia, ziurtatu dau.

Benetan frustragarria da egoera hori sortzaileontzat. Atzerabidea dakar herrialdearentzat, ganera. Txinak potentzia global bihurtu nahi dau, potere biguna esaten deutsanaren gidari. Baina bere eragin kulturala hutsaren hurrengoa da, dino Yan-ek. Idazle honen ustez, ez da kasualidadea Literaturako Nobel Saria irabazi dauen lehenengo txinatarra, Gao Xingjian, Parisen bizi dan uritar frantsesa izatea.

Munduan boom handia bizi izaten dabilen arte plastiko txinatarreko autore garrantzitsu askok be nahiago dabe euren obrak Asiako Erraldoiaren mugetatik kanpo erakutsi. Ai Weiwei-k eta Liu Bolin-ek, adibide bi ipintearren, denpora luezagoa pasetan dabe atzerrian, harrera beroagoa egiten deutsie eta. Pentsau geinke politika kontuak debekatuta dagozala Txinan, baina hori baino gehiago da. Kritika sozialtzat hartu leitekean ezer ez da onartzen, gobernuak herritarrei sinistu eragin gura deutse gizarte harmoniatsu baten bizi garela, dino Ai-k. Muga barik sortzen ixten ez daben bitartean, Txina sorkuntzearen zulo baltza izango da, ganeratu dau Liu-k.

Hizkuntzea be, beste batzuen ustez, muga nabarmena da. Gero eta atzerritar gehiagok ikasten daben arren, sekula ez da nazinoarteko hizkuntza bat izango. Gatxegia da. Ganera, autore batzuen, batez be zaharren, adierazmoldea oso korapilotsua da, itzultzeko oso gatxa, dino, anonimotasunetik, Shanghain mandarinera ikasteko akademia bateko irakasleak. Ganera, Konfuzio institutuak eta antzekoek munduan bultzatzen dituen jarduerak oso azalekoak dira, turismoari begirakoak, antxinako filosofietan oinarrituak edo interes etnografikokoak. Txinaren irudi idilikoa emoten dabe, inork sinisten ez dauena. Txinako umoreagaz bardin, inuxenteegia eta umeentzako modukoa da. Ez dau esan nahi txinatarrak halakoak diranik, baina gauza askoren inguruan ezin da publikoan barre egin.

Orain, batzuek uste dabe Txinak indar ekonomiko eta politikoa erabiliko dauela atzerriko produkzinoetan zentsurea ezarteko. Txinako finantziazinoa daukien Hollywoodeko superprodukzino batzuetan jazo da. Gero eta gehiago dira; katalogoari begiradea emotea baino ez da behar Alibaba eta Huayi Brothers-en modukoek ez daukiela kalidadean interesik jaubetzeko: Mission: Impossible 4, Kong, buruhazurraren uhartea, Baywatch. Kasu batzuetan, esaterako Kong-en, ekarpenik egiten ez daben aktore txinatarrei papelen bat emoten jake. Beste batzuetan, adibidez The Martian-en, txinatarrek erreskatetan ditue protagonistak gidoia modu sinestezin baten bortxatuta, Txina erantzunkizun handiko potentzia legez agertu daiten.

Txina pelikulako onaren moduan erakustea baino handiagoa da arriskua, baina. Zentsurea Cambridge-ko unibersidadearen argitalpen zerbitzuan eragina izaten ahalegindu da. Joan dan hilean, erakunde horrek, Pekinek eskatuta, China Quarterly-ren 300 artikulu kentzea erabagi eban, Txinan eduki gehiago argitaratzeko debekurik ez jasoteko. Mundu guztiko akademikoen protesta sutsuaren eraginez, liburutegi zerbitzuak atzera egin eban, baina askok galdetzen dabe beste zenbat erakunde belaunikatuko diran Txinako poterearen aurrean. Horrek eragina izan leike mundu osoko askatasunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu