Alkarlanerako bidea Euskaltzaindiaren eta Eusko Legebiltzarraren artean

Bizkaie! 2017-10-30 09:00   Euskerea berbagai

Lankidetza hitzarmena sinatu dabe erakunde biek Gasteizen.

Erdian, Bakartxo Tejeria eta Andres Urrutia (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako buruak 2011ko hitzarmenari jarraipena emoten deutsan lankidetza markoa sinatu dabe. Horren arabera, euskerearen normalizazinoa bultzatzeko proiektuak egingo ditue alkarregaz eta Akademiak hizkuntzearen ganeko aholkuak emongo deutsoz Legebiltzarrari.

Orain arteko lankidetzeak emoitza esanguratsuak izan ditu, esate baterako Hiztegi Juridiko-parlamentarioa, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren itzulpena 17 hizkuntzatara, berau braillera egokitzea eta Euskerearen Eguneko ekitaldiak. Erakunde biek sinatu dabenaren arabera, alkarlan horrek aurrera segiduko dau hurrengo lau urteetan.

Hitzarmenaren bidez, Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak alkarri euren ikerketa-ondareak erabilteko aukerea emongo deutsie, eta alkarlana bultzatuko da argitalpen arloan. Horrezaz gan, euskerearen normalizazinoaren inguruko proiektuak abian ipiniko ditue Euskal Herri guztian. Bestetik, euskeraz sorturiko testu juridikoen erakusketa ibiltaria antolatzeko asmoa daukie, baita X. Legegintzaldian Oinarrizko Hiztegi Juridiko-parlamentarioa ontzeko eginiko urratsak eta sorturiko lanabesak erabilita, izaera lexikografikoa dauen hiztegi juridikoa plazaratzea be.

Hartu-emon honeetan helburu zehatzak garatu nahi doguz erakunde biok, gerora gizarteari berari eskaintzeko modukoak diranak, adierazo dau Andres Urrutiak Gasteizko ekitaldian. Hiztegi juridikoaren proiektua dala eta, zeregina argi dagoala dino euskaltzainburuak: Egunero erabilten dogun euskerazko hiztegi juridikoa landu eta euskera batuaren barruan kokatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu