Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak hasiko dira asteburuan

Bizkaie! 2017-10-27 12:54   Bertsolaritzea

Zazpi saio izango dira eta 24 bertsolarik parte hartuko dabe.

Bastidan kantauko daben bertsolariak | Ikusi handiago | Argazki originala

Final laurenetatik datozan 18 bertsolariak eta lehendik sailkatuta egon diran beste sei (2013ko finalistak) heldu dira Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetara. Hurrengo zazpi saioetan, beraz, finalerako zazpi leku izango ditue jokoan, hau da, BECeko oholtzan abenduaren 17an milazak entzuleren aurrean kantetako aukerea. Amets Arzallus sailkatuta dago final handirako, 2013ko txapelduna dalako.

Goi mailako bertsolaritzan dabizan emakumeak gero eta gehiago dirala argi geratu da aurtengo txapelketan, izan be, final laurenetako 24 bertsolarietatik 10 andrazkoak dira, orain dala urte batzuk pentsauezina izango zan kopurua. Ganera, final laurenetako sei kanporaketetatik lau irabazi zituen emakumeek, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martinen eskutik. Beste final lauren bietan Jon Martin eta Etxahun Lekue izan ziran onenak.

Finalaurrekoak fase bitan jokatuko dira. Lehenengo lau saioetan, seina bertsolari lehiatuko dira. Puntuazinoak batu eta sei azkenak kanpoan geratuko dira. Bigarren fasean, beraz, ganerako 18ek kantauko dabe, seina bertsolariko hiru saiotan. Fase bietako puntuak batuta, lehenengo zazpirak pasauko dira BECeko finalera.

Lehenengo saioa zapatuan, urriaren 28an,  jokatuko da, Arabako Errioxako Bastida herriko kiroldegian, 17:00etan. Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina izango dira oholtzan. Martin final laurenetako saioa irabazita dator eta Colina eta Elortza finalista izan ziran 2013an. Ganerako hirurek puntuazinoz lortu eben final laurenetan aurrera egitea.

Lehen faseko saioak, Bastidakoaz gan, honeek dira: Irunen zemendiaren 1ean, Maulen 4an eta Durangon 12an. Bigarren fasekoak, ostera, Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean jokatuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu