25.080 ikaslek emon dabe izena EAEko euskaltegietan

Bizkaie! 2017-10-27 13:01   Euskerea berbagai

Iñigo Urkullu Lehendakariak babesa eskaini deutse euskalduntzen dabizanei, Gasteizen egindako ekitaldian.

Iñigo Urkullu, Gasteizko Aratz-Pinto euskaltegian | Ikusi handiago | Argazki originala

Iñigo Urkullu Lehendakariak Aratz-Pinto Gasteizko euskaltegia bisitau dau, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batera. Arabako uriburuan ikasle gehien dituan euskaltegia ezagutzeko aukerea izan dau Lehendakariak bisita honetan, eta Eusko Jaurlaritzearen babesa eskaini deutse euskerea ikasten dabizan uritar guztiei, baita aurretik pausu hau emon dabenei be. Aurtengo udagoienean, 25.080 ikaslek emon dabe izena matrikulazino kanpainearen lehen fasean, EAEko euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologaduetako datuak aintzat hartu ezkero. Horreetatik 13.340 Bizkaian dagoz; 7.637, Gipuzkoan; eta 4.103, Arabako zentroetan. Ikasleen sexuari jagokonez, % 66,7 emakumezkoak dira, eta % 33,3 gizonezkoak.

Danetara, 10.000 ikasle inguruk izena emotea espero dabe ikasturtean zehar edo datorren udan, guztira ikasturte honetan 35.000 ikasle izatera heldu arte.

Lehendakariagaz eta sailburuagaz batera, besteak beste, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Igone Martinez de Luna, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputadua egon dira. IKAko Aratz-Pinto euskaltegiko arduradunak be han izan dira, eta euskerearen bizibarritze prozesuak Araban izan dauen bilakaerea azaldu deutsie instituzinoetako agintariei, baita prozesu honen erronkak eta zailtasunak be.

Lehendakariak euskerea ikasten dabizan ikasleakaz berba egiteko aukerea izan dau, eta hareei zuzendu deutse mezu nagusia: Euskerea ikasteko pausua emoten dauenari mundu barri bat zabaltzen jako parez pare. Badakigu, halandabe, hizkuntza barri bat ikastea ez dala beti maldan behera izaten; esfortzu bat eskatzen dau, diziplina bat eta sendotasuna. Gaurko ekitaldi honen bidez esfortzu hori egin daben edo egiten dabizan uritarren ahalegina autortu egin nahi dogu.

Euskereak gure gizartea trinkotzeko dauen balioa be nabarmendu dau Lehendakariak gaurko ekitaldian. Euskerarena gure gizartean eregi leitekeen zubirik iraunkorrenetako bat da, emon leikena baino garrantzitsuago alkarbizitzearen ikuspegitik be. Euskerea ikasten daben horreek gure gizartea trinkotzen laguntzen dabe, nabarmendu dau.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, Eusko Jaurlaritzeak euskerea ikasteko bidea errazteko egiten dauen ahalegina nabarmendu dau. Adierazo dauenez, Eusko Jaurlaritzearen Aurrekontu Proiektua onartuko balitz, euskera-ikasleentzako diru-laguntzinoetara bideratzen dan ekarpena igongo litzateke datorren urtean be, modu azpimarragarrian ganera.

Modu berean, euskaltegien finantzazinoa be hobetuko litzateke Eusko Legebiltzarrak Aurrekontuok onartu ezkero; izan be, euskaltegi pribaduentzako ekarpena bigarren urtez jarraian igotea aurrikusi dabe proiektuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu