EH Sona jaialdia martxan da Bartzelonan

Bizkaie! 2017-10-27 12:30   Musikea

Zazkel, Doctor Deseo eta Audience dira bertan joko daben euskal taldeetako batzuk.

Euskal musikearen eta Kataluniakoaren artean konplizidadea sortzeko asmoz sortu eben oran dala 20 urte Bartzelonako EH Sona jaialdia. Urte honeetan guztietan euskal talde askok parte hartu dabe, Euskal Herritik kanpo ospatzen dan euskal musika topaketarik handiena da eta. Antolatzaileek, urteurrenagaz bat egin nahian, edizino biribila iragarri dabe, egitarau zabala bestelako ekimenakaz buztartuta. Aurten abenduaren 2ra arte egingo dabe jaialdia.

Kontuak kontu, 20. edizino honek hiru programazino lerro ditu. Batetik, eguenetako kontzertuak, Euskal Herria eta Kataluniaren arteko 1+1 formatukoak. Bestetik, urian zehar zabalduriko aretoetako kontzertuak, berbarako, BeGood edota Sidecar. Eta azkenik, zuzeneko handiak, Euskal Herrian baina baita Katalunian be ezagunak diran taldeakaz. Bertan izango dira, esaterako, Esne Beltza, Joseba Irazoki, Doctor Deseo, Zea Mays eta Niña Coyote eta Chico Tornado abenduaren 2ra arte.

Jaialdia AlterEHsona zikloagaz osotuko dabe; honetan, euskal taldeek izan daben ibilbidea ikusgai egongo da erakusketa baten bidez. Euskal rock erradikalaren lehen kontzertu hareetatik, EH Sonaren azken edizinoetara arte. Ehundaka kontzertutan ibilitako hiru argazkilariren eskutik, euskal taldeei argazkiak atereaz Bartzelonako hainbat aretotan; Hertzainak, La Polla Records, Eskorbuto, Kortatu eta Negu Gorriaken moduko taldeak eta baita gaur egungoak be ikusi ahal izango dira.

Bestalde, Nando Cruz kazetariagaz ibilbide bat be izango da ziklo honetan, Bestelako eszenatokietan barna izenekoa. Era berean, jaialdian parte hartuko daben taldeak gogoan hartuta, pintxoak sortu eta probau ahal izango dira bertan.

Gaur, barikua, Zazkelen txandea izango da. Bilboko taldeak 2016ko udabarrian grabau eban lehen lana eta Azkue Fundazinoak atondutako Banden Lehia irabazi eban. Hain zuzen be, lehiaketa hori irabazteagaitik emon deutsie EH Sonan joteko aukerea Zazkeli.

Egitaraua osorik hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu