CAF-Elhuyar sarietarako deialdia, zabalik

Bizkaie! 2017-10-27 11:58   Euskerea berbagai

Zientzia eta teknologia gaiak euskeraz gizarteratzea da helburua.

Elhuyarrek, CAF enpreseagaz lankidetzan, CAF-Elhuyar sarien deialdia egin dau, urtero legez. Zientzia eta teknologia gaiak zein ikerketak euskeraz azaltzen dituen lanak aurkeztu leitekez. Era horretan, zientziaren eta teknologiaren dibulgazinoa euskeraz egiten dabenei bultzadea eta autortzea emon nahi deutsie antolatzaileek. Lanak 2018ko zezeilaren 15era arte aurkeztu leitekez. Ideak, proiektuak zein artikuluak onartuko ditue.

Hiru kategoria nagusitan emongo ditue sariak:

- Dibulgazino-artikulu originalak: Hau azpikategoria bitan banatuta dago, artikulu orokorrak eta doktore tesietan oinarritutakoak. Azpiatal bakotxeko irabazleari 2.000 euro emongo deutsiez, baita Imanol Andonegik egindako eskulturea be.

- Zientzia-kazetaritzearen arloko lanak: Komunikabideetan agertutako erreportaje edo artikuluen saila da hau. Kategoria honetako irabazleak be 2.000 euro eta eskulturea eroango ditu.

- Zientzia Gizartean sorkuntza bekea: Zientziaren zein teknologiaren eta gizartearen arteko loturea lantzen daben proiektuak onartuko ditue kategoria honetan. Irabazleak bere proiektua garatzeko 5.000 euro jasoko ditu, eskultureaz gan.

Hiru sari horreekaz batera, Neiker erakundearen izena daroan sari berezia be emongo deutsie lehen sektoreagaz lotutako artikulurik onenari, hau da, nekazaritzea, abeltzaintzea, arrantzea, basogintzea eta halakoak lantzen dituenentzako atala da. Hemen be 2.000 euro jasoko ditu irabazleak eta, ganera, sari hau bateragarria da beste atalen batekoagaz.

Sariketearen oinarriak, hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu