Getxoko XVI. Komiki Azokea zemendiaren 3tik 5era

Bizkaie! 2017-10-25 09:33   Kulturea

Berbaldiak, proiekzinoak, mahai-inguruak eta tailerrak izango dira besteak beste Areetan.

Komiki Azokearen 16. edizinoa ospatuko dabe aurten Getxoko Areeta auzoan. Bineten munduaren zaleentzako derrigorrezko topaleku bihurtu da, Euskal Herrian eta baita kanpoan be.

Zemendiaren 3tik 5era, liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fanzineen 60 salmenta-gune egongo dira Areetako Geltokia plazan, eta bertan azken nobedadeak eskuratu eta sailak osotu ahal izango ditue zaleek, baita komiki zaharrak, bildumagileentzako produktuak eta mueta guztietako merchandising-produktuak erosi be.

Eskaintza komertzialaz gan, egitarau bizia iragarri dabe antolatzaileek hiru egunetarako: nobedadeen aurkezpenak, berbaldiak, mahai-inguruak, proiekzinoak eta tailerrak izango dira, besteak beste.

Ohi legez, artista ospetsuek bisitauko dabe azokea, horreetako batzuk nazinoartean entzute handikoak, eta berbaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dabe; sinadura-saioak be egingo ditue, zaleek gustukoen dituen egileak ezagutzeko aukerea izan daien.

Aurtengo konbidaduen artean honeek nabarmendu ditue antolatzaileek: Chris Claremont, Marvel argitaletxearen komikien egile nagusienetariko bat; Peter Bagge, komiki alternatiboaren izen handienetarikoa da; eta Claudio Castellini, Fumetti komikien artista ospetsua. Horrezaz gan, Getxon sortzaile honeek be izango dira: Ana Oncina, Javier Rodríguez, Ramón Boldú, Quan Zhou, Mauro Entrialgo, Sergio Córdoba, Lorenzo Montatores....

Josep Maria Beà bartzelonarra, Estadu Batuetan bere komikiak garatzen eta gidoiak egiten aitzindari izandakoa eta Gregorio Muro Harriet, euskal komikigintzearen erakusle nagusietarikoa be izango dira Getxoko Komiki Azokan.

Bestalde, komikiaren ganeko erakusketak izango dira Areetan; esangura horretan, azokako karpan Peter Baggeri, Harrieti, Ana Oncinari eta Voltio aldizkari barriari eskeinitako erakusketak egongo dira ikusgai. Kanpoan, barriz, Xabiroi euskerazko aldizkariaren azalez gozetako aukerea be egongo da, baita Daniel Gojénolaren Zinekomik izeneko erakusketaz be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu