Munduko Poesia Kaierak bildumeak beste hiru ale ditu

Bizkaie! 2017-10-25 12:58   Kulturea

Rosalía de Castroren, Seamus Heaneyren eta Chuya Nakahararen lan bana euskeratu ditu Susa argitaletxeak.

Koldo Izagirre, Xabi Borda eta BeƱat Sarasola, Donostian egindako aurkezpenean (argazkia: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martxeari eusten deutso Susa argitaltxeak bultzatutako Munduko Poesia Kaierak bildumeak. Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean, atzerriko olerkarien obrea euskerara itzuli eta bertoko publikoaren esku ipinten dabe. Urtean sei ale argitaratzea da helburua, hiru urtearen hasikeran, beste hiru udagoien bueltan. Beraz, jagokon sasoian heldu dira hiru ale barriak.

Koldo Izagirrek Rosalía de Castro poeta galiziarraren (1837-1885) olerkiak euskeratu ditu. Galizierazko literaturearen eta nortasunaren berpizkunderen aintzindaritzat joten da idazle hori, eta bere sasoiko Galiziaren sentimenduen erretratua egin eban, begirada personala ardatz hartuta: Bakardadea, emigrazinoa... Gaztelaniaz zein galizieraz idatzi eban eta azken hizkuntza horretan plazaratutako Cantares gallegos eta Follas novas liburuetatik hartutako poemak itzuli ditu Izagirrek.

Bestetik, Xabi Bordak Seamus Heaney irlandarraren (1939-2013) olerkiak euskeratu ditu. Itzultzaileak azaldu dauenez, Ipar Irlandako Bellaghy herritxua da poeta honen ardatza, han kokatzen ditu bere testuetako istorioak, lur bat emoten deutsolako bere literaturea oinarritzeko. Hango bizimodua agiri da Heaneyren olerkietan baina, Bordaren ustez, txokokeriarik ez dira nabaritzen. 1966tik 2010era bitartean idatzitako poemak sartu ditue bilduman. Literatura Nobel Saria irabazi eban irlandarrak. 

Amaitzeko, Japoniara jo dau Munduko Poesia Kaierak bildumeak, Hiromi Yoshida japoniar euskaldunduaren lanari esker. Chuya Nakahararen (1909-1937) hainbat olerki euskeratu ditu Yoshidak, 20. mendearen lehen erdiko Japoniako idazlerik nabarmenenetako bat dan ezkero. Bere sasoian ez eban ospe handirik izan, besteak beste, gazterik hil zalako, baina gaur egun autore garrantzitsutzat joten da Nakahara. Munduko Poesia Kaieretako lehenengo autore asiarra da, Beñat Sarasola bildumako arduradunak azaldu dauenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu