Inprobisazino ariketea egin dau Ander Garciak 'Hiru' diskoan

Bizkaie! 2017-10-25 08:19   Musikea

Doinu herrikoietan oinarritu da, gehienbat instrumentalak diran piezak sortzeko.

Ander Garcia kontrabaxua joten (argazkia: Enrique Crespo/andergarcia.com) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal tradizinoko doinu eta erritmoetan arakatuta, inprobisazino ariketatzat jo dauen diskoa plazaratu dau Ander Garcia jazz-musikariak: Hiru, euskal musikaren oinarrietatik inprobisaziora. Jantzarako erabilten dan musika instrumentala da argitalpen barriaren ardatza, jazzean ez eze, Garcia jantzan be ibilten da eta. Holan, bere pasino biak buztartu ahal izan ditu lan bakarrean.

Helburu argiagaz sortu dau proiektu hau Ander Garcia barakaldarrak: nire nortasun musikala bilatzea eta mezu bat bialtzea inprobisazinoagaz lan egiten daben euskal musikariei zein euren zuztarren jaube diran ganerakoei. Herri musikan oinarritu eta berau aldarrikatu nahi izan dau. Bertsolariak eta txalapartariak dira, autorearen ustez, euskal tradizinoko inprobisatzaile nagusiak.

Tradizinoaren hiru adar jorratu ditu Garciak diskoan: bertsoen doinuak eta metrikea; euskal jantzen erritmoak (batez be zortzikoak); eta herri kantutegiko melodiak. Ikerketatzat hartu dauen proiektu honetan, Juan Ortiz pianistearen laguntzinoa izan dau. 

Instrumentuei jagokenez, kontrabaxua eta pianoa erabili ditu gehienbat. Lan minimala dala dino Garciak, entzuteko erraza. Pieza gehienak instrumentalak diran arren, ahotsak be sartu ditu une batzuetan. Liliak ihesi kantan, esaterako, Garciak berak idatzi ditu berbak. Bost doinu herrikoi eta Ander Garciak berak sortutako konposizino bi grabau ditue Garciak eta Ortizek, El Cantón de la Soledad estudioan, Juanan Ros soinu teknikaria lagun.

Ander Garciak euskal jazzaren panoramearen erdi-erdira salto egin eban 2013an, Ttun-Kurrun bere lehenengo diskoari esker. Ondoren, zuzenean grabautako Ander Garcia Quintet Live plazaratu eban, bere ohiko taldearen laguntzinoagaz. Hirugarren honetan, baina, orain arteko doinuak alboratu eta beste erregistro baten sartu da, jazz gitxiago eta euskal tradizinoko doinu gehiago dituan Hiru sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu