'Zulo' eta 'Jane, Tarzan ez zen horren guay', Zine Bileran irabazle

Bizkaie! 2017-10-23 10:35   Zinemea

Amateur eta profesional kategorietan emon deutsie film onenaren saria, hurranez hurran.

Bento Ansola, berbetan, aurkezleak alboan dituala (argazkia: Xabier Villalba-Traola produkzinoak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sari banaketa ekitaldiagaz amaitu da Lekeitioko Euskal Zine Bilerearen 40. edizinoa. Miren Gojenolak eta Tessa Andonegik gidatutako saioan, aurtengo irabazleak zeintzuk izan diran jakitera emon dabe eta, ganera, Benito Ansolari omenaldia egin deutsie. Antolatzaileen esanetan, saio hunkigarria izan da.

Guztira, sei sari emon ditue 31 parte-hartzaileen artean: Hiru profesionalen kategoriakoak eta beste horrenbeste amateurretakoak. Zuzendaririk onenaren atalean, Oier Fuentesi emon deutsie Zidarrezko Antzarra, Aska Tasun Hari filmagaitik. Profesionaletan, Irati Gorostidik eta Arantza Santistebanek irabazi dabe, Euritan pelikulea zuzentzeagaitik.

Gidoirik onenaren atalean be, saritu bi: Atera bidetik, Gernika-Lumoko Sarek egindakoa, amateurren atalean. Profesionaletan, ostera, Bertol Arrietaren Zorrak zor irabazle. Honeek be Zidarrezko Antzarra eroan dabe etxera, diru sariaz gan.

Pelikularik onenaren atalean, Urrezko Antzarrak emon ditue. Amateurretan, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak zuzendutako Zulo aukeratu dau epaimahaiak. Profesionaletan, Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay. Aurtengo epaimahaikideak Aitor Gametxo, Arantza Lauzirika, Natxo Rodriguez, Iratxe Urkiaga eta Kote Camacho izan dira.

Beste alde batetik, Benito Ansolari omenaldia egin deutsie Euskal Zine Bilerako arduradunek. Jaialdiak 40 urte bete dituala aprobetxauta, Begirada saria emon deutsie Lekeitioko John Ford-i. Izan be, Ansola ikus-entzunezkoen alorreko aitzindaria izan zan Lekeition, eta Zine Bilerearen bultzatzaileetako bat. Miren Agur Meabek alkarrizketea egin deutso eta Ansolak pasadizo ugari gogoratu ditu. Horrezaz gan, filmografia txiki baten batu dabe haren ibilbidea.

Amaitzeko, Zine Bilereak eta Topaguneak Benito Ansolaren beraren izena daroan bekea emon deutsie Ruben Martinez Rosas sortzaile gazteari. Atsolorra proiektua egin ahal izango dau diru-laguntzinoari esker, eta datorren urteko Zine Bileran pelikulea amaituta aurkeztuko dauela agindu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu