Bederatzi 'opera prima' lehiatuko dira Zinebiren First Film sailean

Bizkaie! 2017-10-18 11:27   Zinemea

Zemendiaren 10etik 17ra izango da aurten Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia.

Sommerhäuser filma | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz egin eben lehenengoz Zinebiren First Film lehiaketea. Honetan zinemagile barriek parte hartzeko aukerea izaten dabe euren lehen lana aurkeztuz. Aurten bederatzi dira lehiatuko diran filmak eta aurretik danak zinemaldi garrantzitsuenetan izan dira: Locarno, Cannes, Berlin, Venezia eta Sundance, besteak beste. Zinebiren saria 7.000 eurokoa izango da.

Mundu osoko film laburren lehiaketa garrantzitsuenetako legez dauen nortasun historikoan oinarrituz, sari horren bitartez Zinebik, film laburretan lan egin ondoren film luzeen munduan lehenengo pausuak emon nahi dituen produktore eta egile gazteei laguntzen jarraitu nahi dau. Beste alde batetik, ikus-entzuleek, lan barri-barri horreen bitartez, zinema garaikidearen panoramea osotuten dauen sorkuntzako jokera, estilo eta argumentu aniztasunera hurreratzeko aukerea izango dabe.

Holan, zinema dokumentalari eskainitako Beautiful Docs eta azken aldiko euskal produkzinoei eskainitako Bertoko begiradak sailez gan, film luzeen dimensino barri bat gehituko dau Zinebik, sarri askotan industria handian eta areto komertzialetan topetea gatxa dana, jaialdiak urtero aurkezten dauen zinema proposamenaren parte garrantzitsu legez.

First Film sailean lehiatuko diran pelikulen produkzinoan hamaika herrialdek hartu dabe parte: Afganistan, Alemania, Austria, Brasil, AEB, Frantzia, Israel, Herbehereak, Polonia, Errumania eta Suitza. Espazio politiko, sozial, ekonomiko, erlijioso eta kultural anitz horretan, estilo bereziak erakutsiko ditue egileek, eta baita borondate kritikoa daben subjektibotasunez betetako begiradak be.

Bederatzi film honeetan, ikus-entzuleek jentearen joan-etorrien funtsezko gaiak ikusi ahal izango ditue: erlijinoan oinarritutako lege zorrotzaren menpe dagozan hainbat uritako bizimodua; nerabeen arteko maitasuna Latinoamerikako herrialde batzuetako mugetan; Atlantikoa belaontzian zeharkatzen dauen emakume baten abentura solidarioa eta esperientzia personala; eta emakume baten galera tragikoa eta senarraren eta maitalearen dolu konpartidua, besteak beste.

Zinebi First Film Sarirako epaimahaia Silvano Agosti idazle, muntatzaile, zinemagile eta erakusle italiarrak, 2009tik Uruguaiko Nazinoarteko Zinemaldiaren zuzendari dan Alejandra Trellesek eta Haritz Zubillaga zinemagile bilbotarrak osotuko dabe.

Zinebi First Film (ZIFF) barruan lehiatuko diran bederatzi filmak Golem zinema-aretoetan eskainiko dira. Honeek dira:

- Gray House (Austin Lynch, Matthew Booth. AEB, 2017. Dok. 75 min.).

- Não devore meu coração (Don’t Swallow My Heart, Alligator Girl) (Felipe Bragança. Brasil, Herbehereak, Frantzia, 2017. Fik. 108 min.).

- Drift (Helena Wittmann. Alemania, 2017. Fik. 97 min.).

- Charleston (Andrei Cretulescu. Errumania, Frantzia, 2017. Fik. 120 min.).

- Dene wos guet geit (Those Who Are Fine) (Cyril Schäublin. Suitza, 2017. Fik. 71 min.).

- Namai Ba Rahis Gomhor (A Letter to the President) (Roya Sadat. Afganistan, 2017. Fik. 83 min.).

- Sommerhäuser (The Garden) (Sonja Maria Kröner. Alemania, 2017. Fik. 97 min.).

- Pigumim (Scaffolding) (Matan Yair. Israel, Polonia, 2017. Fik. 95 min.).

- Tehran Taboo (Ali Soozandeh. Alemania, Austria, 2017. Ani. 96 min.).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu