Jean-Paul Sartreren 'Begirada' euskeratu dau Juanmari Agirreurretak

Bizkaie! 2017-10-17 13:24   Kulturea

Jakin agerkariaren irakurgaien bildumako 48. alea da.

Xabier Eizagirre Jakineko erredakzino burua eta Juanmari Agirreurreta, liburuaren aurkezpenean (argazkia: Jakin) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jean-Paul Sartreren (1905-1980) L'Être et le Néant idazlan filosofikoaren funtsezko kapitulua da Begirada, Jakin aldizkarikoek Donostian egindako aurkezpenean azaldu dabenez. Juanmari Agirreurreta filosofo eta filologoak euskeratu dau testua eta lanaren esangureagaitik Jakin Irakurgaiak bilduman plazaratzea erabagi dabe, izan be, pentsamenduaren dibulgazinoa egitea da sail horren helburua, filosofian nabarmendu diran autoreen esanak euskeraz eskainiz.

1943an argitaratu eban Sartrek L'Être et le Néant tratadua, izatearen inguruko teoria bat osotu nahian. Zati bi ditu testuak, Agirreurretaren arabera: Lehenengo, izatearen inguruko teoriak azaltzen ditu Sartrek, ondoren askatasunaren teoriak. Hain zuzen be, bien arteko zubia edo giltzarria da Begiradak izeneko zatia, orain euskeraz irakurgai dagoan horixe bera.

Obrearen aparatu kontzeptual osoa batzen dau kapitulu honek, eta bestetasuna nitasunera datorreneko fenomeno legez aurkezten dau begirada askatasunagaz lotzeko, azaldu dau Agirreurretak liburuaren aurkezpenean. Sartreren lanetan behin eta barriro agiri dira Begirada-ren erreferentziak, autorearen oinarri filosofikotzat jo izan da. Horregaitik da, itzultzailearen ustez, funtsezkoa.

Oraintsu egin dauen tesian aztertu dau Begirada Juanmari Agirreurretak, eta horregaitik itzuli dau euskerara. Ganera, Sartreren testu gitxi dagoz euskeraz eta, beraz, hutsune bat beteko dau. Victor Hugo eta Tomas Tranströmer itzuli izan ditu aurretik Agirreurretak, baina honako hau da filosofia euskeratu dauen lehenengo aldia. Hartara, erronkea izan dala adierazo dau.

Jakin Irakurgaiak saileko 48. zenbakia da Begirada. Testuaren euskerazko itzulpena ez eze, Agirreurretak berak idatzitako hitzaurrea dakar. Irudiz be barriztua heldu da Jakin Irakurgaiak orain, aurrerantzean Ainara Lasaren diseinuagaz argitaratuko diralako bildumako aleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu