Disko instrumentala argitaratu dau Oskar Benasek

Bizkaie! 2017-10-16 11:32   Musikea

Hainbat estilo nahastau ditu Obic izeneko lan barrian.

Marrazki bereziz horniduta dator Oskar Benasen proiektu barria | Ikusi handiago | Argazki originala

Proiektu barria aurkeztu dau Oskar Benas barakaldarrak urrian, Obic disko instrumentala hain zuzen. Oraingoz, formatu digitalean baino ezin da entzun (diskoa hemen jarri dau salgai), baina aurrerago biniloa plazaratzeko itxaropena be badauka Benasek, diru nahikoa batu ezkero.

Diskoko hamar abestien grabazinoa hainbat lekutan egin dauela azaldu dau Oskar Benasek, baina azken ikutuak Gipuzkoako Agosto estudioan emon deutsaz, urriaren hasieran. Danetariko estiloak buztartzen dituan diskoa da Obic: Reverb askoko rock and roll exotikoa, surf, blues eta psikodelia ikutukoa. Lan instrumentala da.

Oskar Benas proiektu honen burua izan da, berak sortu ditu kantuak eta instrumentu ugari jo ditu grabazinoan: Gitarrea, baxua, perkusinoa, tekladuak eta abar. Halandabe, hirukote formatuan grabau dau, Daf Linares baxu jotzailea eta Javi Nervioso bateria jolea alboan izan ditu eta.

Era askotako egitasmoetan ibilten da Oskar Benas. Bere abestiak sortu eta gitarrea joteaz gan, beste musikari batzukaz kolaborau izan dau, esaterako Fermin Muguruzagaz eta Maika Makovskigaz.

Film labur eta dokumentaletako soinu bandak be idatzi izan ditu. Horrezaz gan, artista grafikoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu