Antzerkigintzan eta diskogintzan euskerazko lanak nagusi dira

Bizkaie! 2017-10-09 09:41   Euskerea berbagai

Euskal Autonomia Erkidegoko produkzino kulturalaren azterlana egin dau Kulturearen Euskal Behatokiak.

Ez Dok Hiru bikoteak euskeraz egiten dau antzerkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzearen agindupeko Kulturearen Euskal Behatokiak egunotan argitaratu ditu Arte eta Kultura Industriak azterlanaren datuak, 629 eragileren informazinoa kontuan hartuta. Estadistika hau urte birik behin egiten da eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eskaintzea dinamizetan daben eragile pribadu zein publikoen informazinoa eskaintzen dau. 

Txosten horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko sare kulturala suspertzen hasi dala sumatzen da, aurreko neurketeagaz alderatuta: Diru-sarreren eta gastuen balantzea positiboa da eta enpleguak gora egin dau. Ikerketeak, era berean, euskerearen pisua aztertu dau eta datu positiboak emon ditu sektorearen alor batzuetan: diskoetxeek, ikus-entzunezko produktoreek, antzerkigintzakoek eta argitaletxeek produziduten dabenaren % 50 baino gehiago euskeraz da.

Hortaz, euskereak gero eta leku zabalagoa hartzen dau kulturearen alorrean. Azterlanaren arabera, antzerkigintzan eta musikan plazaratzen diran produkzinoen % 70 baino gehiago euskeraz dira (% 72,6 eta % 80,5, hurranez hurran, zehatz esanda). Beste sektore batzuetan be, euskereak lekua hartu dau: Ikus-entzunezko produkzinoaren erdia da, EiTB kontuan hartu ezkero; eta argitalpenetan be, % 51,4 da proportzinoa. Programazio eszenikoari jagokonez, EAEn programatutako hamar ikuskizunetatik lau euskeraz dira.

Bestelako faktore batzuk be aztertu ditu Kulturearen Euskal Behatokiak, berbarako, emakumezkoek arteetako eta kultura-industrietako enpleguen atalean % 47ko pisua dabe, baina zuzendaritza-postuetan % 40 baino gitxiago dira andrazkoak.

Egoerea lurralde historikoen arabera aztertu ezkero, agenteen kontzentrazinoa atzemoten da Bizkaian, baita haren pisu ekonomikoarena eta enplegu arlokoarena be. Dana dala, lurralde bakotxaren pisu demografikoa kontuan hartu ezkero, datuak bestelakoak dira, kultura-sarearen bataz besteko ratioa handiagoa dalako Gipuzkoan (35,5 mila biztanleko), Bizkaian (26,5) eta Araban (23,3) baino.

Irakurri txosten osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu