Gabriel Aresti eta Pott Bandea gogoan, aurtengo Bilbaopoesian

Dabi Piedra 2017-10-06 12:43   Kulturea

Hausturak lelopean egingo ditue topaketak, urriaren 16an hasita.

Moran, Alonso eta Kortazar | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko literaturan eragin handia izan eben fenomeno bigaz hasi eta amaituko da Bilbaopoesia zikloaren aurtengo egitaraua: Gabriel Aresti omenduko dabe lehenengo egunean eta Pott Bandea izango da protagonista amaieran. Tartean, bederatzi eguneko programazino zabala eta askotarikoa, bertoko eta kanpoko olerkigintzea herritarrei hurreratzeko asmoz. Bilboko Udalak antolatzen dau Bilbaopoesia eta Bidebarrieta liburutegian izango dira jarduera guztiak.

Antolatzaileek Hausturak izenburua aukeratu dabe edizino honetarako, lehendik ezarritakoagaz modu askotan apurtzen daben autoreak ekarteko ahalegina egin dabelako. Poesia da disziplinarik apurtzaileena, adierazo dau Begoña Moran programatzaileak, Bilboko udaletxean egindako aurkezpenean. Formatuetan eta estiloan apurtzaileak diran egileak izango dira aurtengo ardatza, esate baterako Nach rap-musikaria. Honek hilaren 17an egingo dau saioa Bidebarrietan, Hambriento liburu barria aurkezteko.

Belaunaldien arteko mugak be apurtuko ditue, egitarauan agiri diran autoreen gaztetasunak salatzen dauenez. Gazteak eta barritzaileak dira, baina dagoeneko errekonozimendua daukie, azaldu dau Moranek. Belaunaldi barriei lekua egiteak, ezinbestean, komuniketako bide barriei be atea zabaltzea dakar. Hartara, Bilbaopoesiako parte-hartzaile askok internet eta sare sozialak erabilten ditue irakurleakana heltzeko. Jon Kortazar EHUko katedradunak zera azpimarratu dau: Jente gazte batek internet erabiliz lortu dau autortzea, euren berbea entzun egiten da. Tresna barriak dira eta badaukie publikoa.

Urriaren 19an, barriketaldia antolatu dabe, Elvira Sanchez, Kirmen Uribe eta Raquel Lanserosen artean. Biharamunean, ostera, La voz renovada izeneko saioa egongo da Bidebarrietan, Constantino Molina, Garazi Ugalde, Marta Lopez Vilar, Martha Asuncion Alonso eta Rodrigo Olay protagonista dirala. Urriaren 20ko Rompiendo metrica saioan, barriz, Escandar Algeet, Loreto Sesma, Maria Leach eta Miguel Gane egongo dira. 21ean, Krokek bere disko barria, Traveller, aurkeztuko dau.

Urriaren 23ko emonaldia be aitagarria da, euskal artista ugarik hartuko dabelako oholtzea, poesia, musikea eta abar buztartuko dituan ikuskizunean. Kepa Junkera trikitilaria izango da saioaren erdigunea eta berari laguntzen ibiliko dira Ibon Koteron, Argibel Euba, Iñigo Olazabal, Agurtzane Elustondo eta Sorginak taldea.

Gabriel Arestiren eguna urriaren 16an egingo dabe aurten, Bilbaopoesiaren hasiereagaz bat. Angel Zelaietak, Josu Torrek eta Karmelo Landak errezitaldia eskainiko dabe, hirurek be Aresti ederto ezagutu eben eta. Asier Amezaga izango da aurkezlea, idazlearen ganeko tesia aurkeztu barri dauen ikerlaria.

Jaialdiaren azken egunetan, ostera, Pott Bandea gogoratuko dabe, 1970eko hamarkadearen amaierako eta 80koaren hasikerako euskal literaturea astindu eban taldea. Idazle talde legez pasau da historiara Pott, baina bestelako adierazpide batzuk be landu zituan. Hartara, Bilbaopoesian musikeari eta zinemagintzeari egindako ekarpena jorratuko dabe. Fokua zabalduko dogu, literaturaz gan badago gehiago Pott Bandan, adierazo dau Jon Kortazarrek.

Urriaren 24an, beraz, Pott Bandea, literaturea eta musikea barriketaldia egingo dabe, Kortazarrek berak gidatuta. Potteko hiru kide nabarmen konbidau ditue, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde eta Ruper Ordorika. Hilaren 25ean, ostera, Jose Julian Bakedano zinemagilea eta Nekane Zubiaur aditua ipiniko ditue aurrez aurre. Ganera, Bakedanoren film bi proiektauko ditue. Pott Bandako anaia ahaztua da Bakedano, dino Kortazarrek.

Apurketea landuko dabe, beraz, aurtengo Bilbaopoesian. Kortazarren ustez, Gabriel Aresti eta Pott Bandea be apurtzaileak izan ziran euren sasoian eta, beraz, ondo egokitzen jakoz aurtengo proposamenari. Nekane Alonso zinegotziak dei egin deutse herritar guztiei Bidebarrietako liburutegira hurreratzeko, publiko barriak erakarri nahi doguz, poesia irakurtzera animau daitezala. Olerkigintzea Bilboko Udalaren Kultura Sailak aspaldi egindako apustua dala dino Alonsok eta, horren lekuko, Bilbaopoesiaren 20 urteko ibilbidea dala.

Zikloko saio guztiak 19:30ean hasiko dira, Krokeren emonaldia izan ezik (20:00etan). Kontzertu horretarako, ganera, 10 euroko sarrerea pagau behar da. Ganerako emonaldiak doban dira, baina kasu batzuetan gonbidapenak eskatu behar dira aurretik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu