Bilboko Musika Bandeak 2017-18ko kontzertuak aurkeztu ditu

Bizkaie! 2017-10-05 09:26   Musikea

Batzen gaituen haizea izenburupean, apirilera artekoa izango da denporaldia.

Ana Madariaga, José R. Pascual-Vilaplana eta Nekane Alonso (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titular José R. Pascual-Vilaplanak, Bilbao Musikako zuzendari Ana Madariagak eta Bilboko Udaleko zinegotzi Nekane Alonsok 2017-18 denporaldiko kontzertu zikloaren barri emon dabe prentsaurrean. Berez, irailean hasi ziran sasoi honetako emonaldiak, baina orain arte ez da aurkezpen ofizialik egin. Aurreko urteetan hasitako bidean sakonduz, beste talde eta musika eskola batzukaz emonaldi bateratuak egongo dira eta orkestra zuzendaritzearen inguruko topaketea be antolatuko dabe.

José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titular eta artistikoak zehaztu dauen hirugarren denporaldi hau hiru aretotara helduko da: Azkuna Zentrora, Euskalduna Jauregira eta Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Konserbatoriora. Dana dala, emonaldi gehienak Euskaldunan izango dira, domeka eguerdietan.

Batzen gaituen haizea izeneko kontzertu zikloaren bitartez, musika-bandak gerren edota gatazka sozialen osteko gizarte-kohesinorako ardatz izan diran momentuetan, ibilaldia eskainiko deutse ikus-entzuleei Pascual-Vilaplanaren proposamenak: Frantziako Iraultzako nekazarien bandeak, Italia 1861ean batu ostekoak, Ipar Amerikako Sezesino-gerrearen osteko P.S. Gilmore-ren American Concert Bandea, Kolonbiako gobernuaren 2004ko Bizikidetzarako Musikearen Planaren ondorioak…

Azkuna Zentroan irailean egindako kontzertu bigaz ekin deutso Udal Musika Bandeak denporaldiari. Urrian, ohiko agertokira, Euskaldunara bueltauko dira musikariak. Prezio herrikoien alde eginaz, euro biren truke sartu ahal izango dira entzuleak. Kontzertu berezietan, baina, bost eurora igongo dabe prezioa.

Hurrengo kontzertua, Ekialdetik Mendebaldera, urriaren 8an izango da. Entzuleek C. Saint-Saëns, F. Schmitt, R. Chapí, J. Giroux eta B. Appermonten obrez gozetako aukerea izango dabe. Bandeak lehenengo aldiz interpretauko ditu La mezquita de Córdoba (2005) eta A Brussels requiem (2017). Urriaren 22an, bandea oholtzara bueltauko da Eskuz esku izeneko emonaldia eskaintzeko. Kasu honetan, Iñaki Urkizu zuzendariordeak gidatuko dau, Noa Lur abeslaria eta Patxi González aktore-abeslariaren laguntzinoagaz. Publikoak C. Gardel, H. Warren, L. Denza, N. Estrada, B. Lertxundi, D. Ellington, B. Crewe, eta L. Primaren lanak entzun ahal izango ditu.

Pascual-Vilaplanaren eta Urkizuren zuzendaritzeaz gan, denporaldi honetan bandeak zuzendari konbidadu bi izango ditu, biak be nazinoartean ezagunak: Isabelle Ruf-Weber suitzarra eta Maurice Hamers holandarra.

Bestetik, igaz hasitako ekimenaren arrakastea ikusita, aurten barriro egingo ditue zuzendaritza orkestralaren topaketak, 2018ko udabarrian. Heziketa garaikidea eta talde instrumentalen gidaritzearen garapenari zuzendutako baliabide teknikoak eta artistikoak bultzatzea da helburua. Arriaga konserbatorioan topaketen harira egingo dan kontzertu berezian, José R. Pascual-Vilaplana izango da zuzendaria eta Jan van der Roost irakasle konbidadua.

2017-18 denporaldiko egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu