Juanba Berasategiri EZAE Saria emon deutsie

Bizkaie! 2017-09-27 08:15   Zinemea

Donostiako Zinemaldian gogoan izan dabe apirilean hildako zinemagilea.

Miren Berasategi alabeak hartu dau saria (argazkia: EZAE) | Ikusi handiago | Argazki originala

EZAE, Euskal Zinema Aretoen Alkarteak hirugarren urtez emon dau bere saria, Donostiako Zinemaldiaren 65. edizinoagaz bat eginaz. Aurreko aldi bietan beste horrenbeste film saritu zituen, Loreak eta Amama hain zuzen. Aurten, ostera, hil osteko omenaldia egin nahi izan deutsie Juanba Berasategi pasaitarrari. EZAE alkarteko ordezkariak ez eze, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria be egon da saria emoteko ekitaldian, baita Jaurlaritzako Kultura zuzendari Joxean Muñoz be.

Lotura Films produkzino etxea sortu eta gidatu eban urte askoan Juanba Berasategik. Bera hil eta gero, Miren Berasategi alabeak hartu dau ardura hori. Hain zuzen be, Miren Berasategi egon da Donostiako Zinemaldiko ekitaldian EZAEren oroigarria jasoten.

Euskerazko sorkuntzearen eta zinemagintzearen eragile handienetako bat izan zan Juanba  Berasategi. 1970eko hamarkadan hasita, era askotako ikus-entzunezko produktuetan ibili arren, marrazki bizidunetan nabarmendu zan. Ekialdeko izarra film laburra izan zan Juanba Berasategiren lehenengo pelikulea, 1977koa. Euskeraz egindako animazinozko lehenengo lana izan zan hori eta Donostiako Zinemaldian proiektau eben. Euskal dokumentalak bultzatzeko Ikuska proiektuan parte hartu eban, 1980an, Nafarroan euskerearen egoerea zein zan azaltzen eban pelikula bat eginaz.

Kalabaza tripontzia da, beharbada, Juanba Berasategik egindako pelikulen artean, euskal ikus-entzuleen artean ezagunena eta eraginik handiena izan ebana. Euskal kondairetan oinarritutako film hori 1985ean plazaratu eban; hauxe da, animazinozko lehenengo film luzea euskeraz. Estreinalditik hiru hamarkada pasauta, euskal ikus-entzunezkoen historian leku nabarmena dauka oraindino Kalabaza tripontzia-k.

Marrazki bizidunetako lan gehiago be egin zituan Berasategik: Pernando Amezketarra, Ipar haizearen erronka, Alhambrako giltza eta abar. Lazkao Txiki eta Txirrita telesailak be haren ardurapean egon ziran. Era berean, marrazkilari ibili zan Berasategi, liburuetako azalak zein kartelak egiten. Donostiako Zinemaldiak Zinemira saria emon eutsan 2013an. Apirilean hil zan, 66 urtegaz.

IBAIA ikus-entzunezko produktore independenteen alkarteko buru izan zan Berasategi 1990eko hamarkadan eta erakunde hori sortzeko lan handia egin eban. Joxean Muñozek Donostiako ekitaldian gogoratu dauenez, euskerazko zinema industria sortzea eta indartzea zan pasaitarraren asmoetako bat. Horregaitik, EZAEren lan egiteko moduagaz bat dator Berasategiren ikuspegia eta, beraz, merezidutako saria da hau, Muñozen ustez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu