Expodistritok pinturea eta argazkilaritzea eroango ditu Bilboko barrutietara

Bizkaie! 2017-09-01 08:51   Kulturea

Urteko azken hiruhilekoko programazinoa gaur hasi da.

Joseba Kortazarren margolan bat (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko barrutietako udaltegietara jarduera kulturalak, batez be erakusketak, eroateaz arduratzen da Expodistrito egitasmoa. Era horretara, Bilboko Udalak pinturea, argazkilaritzea eta beste arte batzuk uriko auzo guztietako herritarren eskura ipinten ditu. Urteko laugarren hiruhilekoan Marta Betolaza, Felisa Urraca, Javier de la Iglesia, Joseba Kortazar, Jesús Díaz Vielva eta Jon Maoren lan plastikoak ikusi ahal izango dira, eta baita Marta Pérezen zuri-baltzezko argazkiak be.

Guztira, zazpi erakusketa izango dira eta barrutietako egoitzetatik txandaka pasauko dira. Oraingo honetan, Abando-Barrainkua, San Inazio-Ibarrekolanda, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko, Castaños, La Bolsa eta Errekaldeko udaltegietan egongo da Expodistrito.

Gaur bertan, irailaren 1ean, hasiko da egitaraua eta, hilaren 14ra arte, bost erakusketa egongo dira. Begoñako udaltegian Javier de la Iglesiaren Al compás de la imaginación egongo da, geometrian oinarritutako eta irudi arkitektoniko zein kontrastez betetako margolanak. Otxarkoagan, ostera, Marta Betolazak papelean egindako marrazkiak ipiniko ditue.

Ganera, Felisa Urracaren Simbiosis bildumea egongo da Castañoseko udaltegian, naturea eta paisajeak buztartzen dituan lana. Errekalden, aldiz, Joseba Kortazarrek azken urte biotan marraztutako koadroen aukeraketea ikusi ahal izango da. Amaitzeko, Marta Pérez Elosuaren Percepciones argazki bildumea San Inazion egongo da hilaren lehenengo hamabostaldian. Zuri-baltzezko 20 argazki dagoz bilduma horretan.

Hurrengo aste eta hileetan beste barruti batzuetan ikusi ahal izango dira erakusketa horreek eta, ganera, beste artista batzuen lanak be erakutsiko ditue. Era berean, Expodistritoren programa nagusitik kanpo dagoan arren, Bilboargazkiko argazkiak be ikusgai egongo dira urritik aurrera.

Expodistrito Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen dau eta helburu bikotxa dauka: Batetik, auzo guztietako herritarrei artea hurreratzea eta, bestetik, artistei erakusketak antolatzeko espazioa eskaintzea. Jarduera guztiak dobakoak dira.

Programazino guztia, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu