Beste sei film Urrezko Maskorra irabazteko lehian

Bizkaie! 2017-08-29 08:47   Zinemea

Antoniak, Berneri, Finkiel, Libon eta Hinant, Popescu eta Schwentke zuzendarien lanak Donostiako Zinemaldian izango dira.

'Ni juge, ni soumise' filmeko irudi bat (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sail Ofizialeko Urrezko Maskorra irabazteko lehian, beste sei pelikula iragarri ditu Donostiako Zinemaldiak eta lehian sartuko diran film guztien zerrendea osotu da, beraz. Zinemaldiko arduradunek azaldu dabenez, goi mailako zuzendari nabarmenak dagoz seikote horretan.

Emmanuel Finkiel frantziarra lehenengoz etorriko da Donostiara La douleu filmagaz. Marguerite Duras idazlearen estutasunei eta bihozminari buruzko egunkariaren egokitzapena da, Bigarren Mundu Gerrearen amaieran idatzia. Bertrand Tavernier, Krzysztof Kieslowski eta Jean-Luc Godard zuzendarien laguntzaile izana da Finkiel.

Constantin Popescu errumaniarrak Pororoca dakar, bere hirugarren film luzea. Familia batek seme-alabetako bat desagertzen danean bizi izaten dauen eraldaketeari buruz berba egiten dau lan horrek. Popescuren bigarren film luzea, Principles of Life (2010), Zabaltegi–Zuzendari Berriak sailean ikusi ahal izan zan orain dala urte batzuk.

Robert Schwentke alemaniarra bere herrialdean hasi zan zuzendari lanetan, 2005ean Estadu Batuetan egin eban debuta eta han ibili da azkenaldion. Der Hauptmannfilma zuzentzeko, baina, Alemaniara eta II. Mundu Gerrako azken uneetara bueltau da.

Urszula Antoniak poloniarraren laugarren pelikulea da Beyond Words. Protagonistea abogadu gazte eta asmo handikoa da; aita bisitan joaten jakonean, modu mingarrian gogoratuko ditu bere zuztarrak.

Anahí Berneri argentinarra hirugarrenez lehiatuko da Donostian, aurrez bertan aurkeztu zituan Encarnación (2007) eta Aire libre (2014). Berneri Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kidea izan zan igaz. Aurten Alanis dakar, prostituzioan dabilen eta ume txiki bat dauen emakume batek bizi dituan gorabeherak kontetan ditu hor.

Amaitzeko, Jean Libon kazetari grafiko eta dokumentalisteak eta Yves Hinant kazetariak Ni juge, ni soumise dakarre Donostiara. Anne Gruwez-i, Bruselako instrukzinoko epaile guztiz ezohikoari egindako jarraipena da Belgikako bikote horrek sortu dauen lan berezi hau.

Horreek sei pelikulek osotuten dabe, beraz, Donostiako 65. Zinemaldiko Sail Ofiziala. Guztira, 18 film egongo dira Urrezko Maskorra irabazteko lehian, lehiaketaz kanpoko beste hirugaz batera. Lau emonaldi berezi be hartuko ditu Sail Ofizialak aurten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu