Zinemaldiko Zabaltegi sailak 22 film barritzaile aurkeztuko ditu

Bizkaie! 2017-08-23 11:58   Zinemea

Raymond Depardon, Hong Sang-soo eta Frederick Wiseman zuzendarien lan barriak ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Frederick Wisemanen 'Ex Libris: New York Public Library' lanaren irudi bat (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiko arduradunek aurtengo Zabaltegi-Tabakalera saileko kartelaren barri emon dabe. Beste batzuen artean, Manuel Abramovich, Filipa César, Raymond Depardon, Damien Manivel eta Kohei Igarashi, Ilian Metev, Hong Sang-soo eta Frederick Wiseman zuzendarien azken film luzeak proiektauko dira. Guztira, 22 film izango dira Zabaltegi-Tabakalera sarirako hautagai: 14 luze, ertain bat eta zazpi labur.

Frederick Wiseman zinemagileak  2016an Ohorezko Oscar saria jaso eban. Estadu Batuetako gizartearen eta erakunde publikoen erretratu zorrotzakaitik da ezaguna. Azken alor horretakoa da Ex Libris: New York Public Library, bere ibilbideko 45. filma.

Raymond Depardon argazkilari eta zinemagile frantsesa bitan izan da dokumental onenaren Cesar sariaren irabazle: 12 jours filmean Frantziako zentro psikiatrikoetan pazienteek epailearen aurrean izandako entzunaldiak eskuratu ditu. Hong Sang-soo korearrak, ostera, lengoaia zinematografiko eta estetika bereziak garatu ditu eta igaz zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban. Geu-hu / The Day After dakar orain.

Manuel Abramovich argentinarrak bere bigarren film luzea aurkeztuko dau. Soldado lanean, soldadu sartzea erabagi dauen gazte baten begiradatik aztertzen dau ze zeregin dauen Argentinako armadeak, diktadurea amaitu zanetik hiru hamarkada pasauta. Filipa César artista eta zinemagile portugaldarrak, bere aldetik, 2001ean Ginea-Bissaun topautako material zinematografikoa aztertzen dau Spell Reel pelikulan.

Clément Cogitore artista garaikide frantziarraren Braguino filmaren 49 minutuak Siberiako basoaren erdian dagoz girotuta. Beste alde batetik, beste frantziar batek, Damien Manivelek, eta Kohei Igarashi japoniarrak alkarregaz zuzendu dabe La nuit où j’ai nagè.

Bere lehen filma, Poslednata lineika na Sofia (2012), Canneseko Kritikearen Astean aurkeztu ondoren, Ilia Metev bulgariarrak 40tik gora sari eskuratu zituan. Bere bigarren film luzean, 3/4, familia batek alkarregaz pasauko dauen azken udea erakutsi dau eta Locarnoko zinemaldiko sari nagusia irabazi.

Aurretik iragarrita egon diran ganerako pelikulen artean, besteak beste, Koldo Almandozen Plágan film laburra dago. Luzeen artean, honeek osotuten dabe zerrendea: L’amant d’un jour, Philippe Garrelena; Tesnota, Kantemir Balagoven lehen lana; Saura(s), Félix Viscarretek zuzendua; Gustavo Salmerónek zuzendutako Muchos hijos, un mono y un castillo; No intenso agora, João Moreira Salles brasildarrarena; baita Juan Cavestanyk eta Álvaro Fernández Armerok idatzitako Vergüenza telesailaren munduko estreinaldia be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu