Bizkaia modu birtualean ezagutzeko aplikazinoa sortu dabe

Bizkaie! 2017-08-18 12:51   Kulturea

Foru Aldundiaren arabera, turismorako aproposa da Bilbo VR, uriko leku enblematikoenak erakusten ditualako.

Binary Soul kooperatibeak garatu dau telefono adimendunetarako aplikazino barria. Bizkai guztiko turismo eskaintzeari eta aberastasun kulturalari bultzadea emongo deutsalakoan dago Foru Aldundia, izan be, lehenengo fase honetan, Bilboko leku enblematiko batzuk agiri dira, baina laster Bizkaiko beste udalerri batzuetako irudiak sartuko dituela agindu dabe.

Guggenheim Museoa, San Mames futbol zelaia, Bilboko udaletxea, Arriaga antzokia eta Foru Jauregia, besteak beste, errealidade birtualaren bidez eta era interaktiboan ikusiko dira; 360 graduko irudiari esker, eraikin horreetako zirrikitu guztietatik nabigau daiteke eta zehaztasun guztiak ikusi, telefonoaren pantailearen bidez. Ganera, informazino zehatza eskaintzen da leku bakotxeko historiaren eta ezaugarrien inguruan. Ingelesez, gaztelaniaz eta euskeraz dagoz azalpenak.

Bilbo VR aplikazinoa garatzeko, Binary Soulek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa jaso dau, euskerazko softwarea sustatzeko programearen eskutik. Teknologia barriek euskerearen erabilerea bultzatzeko balio dabela erakusten dabe era honetako egitasmoek, Aldundiaren ustez. Aurretik be alkarlanean ibili izan dira foru erakundea eta Binary Soul, euskerazko beste aplikazino batzuetan. Esaterako, Sorginen Kondaira bideojokua aurkeztu eben aspaldi ez dala. 

Telefono adimendunetan doban deskargau daiteke dagoeneko Bilbo VR. Android zein iOS sistema eragileetarako egokituta dago. Apple eta Google-ren denda birtualetan topauko dabe erabiltzaileek aplikazinoa. Eguneratzen joan ahala, Bizkaiko herri gehiagotako lekuak gehitzen joatea da sortzaileen asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu