Peru Altube: ''Aldapan gora' abestia joteaz ez gara aspertzen'

Dabi Piedra 2017-08-07 09:07   Barriketan

Huntza taldeko kidea.

2016ko udagoienean euren lehenengo diskoa, Hemendik, plazaratu ebenetik, modako taldea bihurtu da Huntza seikotea. Gazteak eta helduak harrapau ditu Aldapan gora abestiak, eta udako kantuetako bat dala esan leiteke. Hori dala eta, hara eta hona dabiz sei gazteok kontzertuak emoten, gelditzeko asti barik. Taldeko bateria joleak, Peru Altube arrasatearrak, tartetxu bat hartu dau gure galderei erantzuteko, eta Huntzaren bilakaerearen inguruko gogoetea egin dau. Horrenbesteko arrakasteak ezustean harrapau dituala onartu dau, baina gustura dabiz jairik jai bazterrak alaitzen.

 
1.- Kontzerturik kontzertu dabil Huntza aurtengo udan, nekea sumatzen hasi zarie?


Igarri dogu nekea, bai, normala dan moduan. Gu ez gara egon holako erritmora ohituta, horren kontzertu luzeak,... igazko udan be kontzertutxuak joten ibili ginan, baina lantzean bat izaten zan, asteburuetan... Baina oraingo honetara be ohitzen hasi gara, jenteak eskatu egiten dau eta jenteari erantzun bat emon behar jako.


2.- Asko ikusten eta ikasten zabize?

Asko, hau guretzat izan da 5.000 metroko mendi bat igotea moduan lehendik gure menditxuetan bakarrik ibili eta gero. Beste taldeetako jente asko ezagutzen gabiz, herriak be bai. Hor danok gabiz ikasten eta gero, ganera, taldekide bakotxak bere intereseko gauzak ikusten ditu. Mundu honen ganekoak ikasteko aukerea izaten gabiz.


3.- Aldapan gora da zuen abesti ezagunena, kontzertuetan, irratian, sare sozialetan, kalean eta abar entzuten da eten barik. Aspertzen hasita zagoze kanta horregaz?

Aldapan gora abestiak ez gaitu aspertzen, azken baten guk sortutako abesti bat da. Egia da ez genduala espero holako boom-a eukiko ebanik, horrek ezustean harrapau gaitu. Beharbada abestiagaz aspertzeko unea helduko da, baina oraindino ez, ezelan be ez.


4.- Zergaitik izan ete dau halako arrakastea Aldapan gora-k?

Ez da erraza erantzun zehatza emotea, ikerketa oso bat egin beharko litzateke hori jakiteko! Gauza jakin batzuk jazo dira, jazo behar ziran momentuan. Uste dot behar bat egoala halako musika klase barri bat entzuteko, jenteak oso ondo erantzun dau, ikusten da hor zeozer badagoala, baina ez dakit zehatz-mehatz zer.


5.- Ertzetatik diskoaren parte da Aldapan gora. Zelako bildumea da?

Gure lehenengo diskoa dala igarten da, hasibarriaren ikutu hori dauka. Orain arte beste era batera, erromeria giroan, joten ibili gara eta orain egin dogu diskoa ateratzeko saltoa. Bestetik, esan behar dot era askotako abestiak sartu doguzala, badagoz lasaiak, vals itxurakoak, badaukaguz abesti arinagoak be bai, ska ikutudunak... Ganera, pare bat kalejira doguz, trikitixearen mundura hurreratzen gaituenak. Danetik dauka diskoak.


6.- Zuen abestien bidez zer aldarrikatu edo adierazo nahi dozue?

Ba hor be danetarikoa dago. Abesti bakotxak bere esangurea dauka, ze astiro-astiro joan gara, urte oso baten zehar sortu doguz abestiak, bakotxa bere momentuan. Ez dogu hasikeratik diskoaren idea bat zehaztu eta esan beharreko gauza jakin bat ipini. Horregaitik, kanta bakotxa desbardina da. Badagoz politikea aitatzen dabenak, ondo pasetako aldarria egiten dogu beste batzuetan, tradizinoari lotutako pare bat idea be badagoz.


7.- Gaur egungo jaigiroan nazinoartetik etorritako musika estilo ugari entzuten dira. Euskeraz abestu eta bertoko tradizinoan oinarritzen dan talde batek gazteen artean holako arrakastea izatea pozgarria da, ezta?

Oso pozgarria eta ia aurrerantzean gurea lako talde gehiago agertzen diran. Euskal Herriko diskoteketan halakoak behar doguz.


8.- Huntzako taldekideak gipuzkoarrak zarie, baina Bilbon sortu zenduen taldea, 2014 bueltan. Zelan gogoratzen dozu hasikerea?

Modu oso umilean hasi ginan. Josune gure trikilaria hasi zan kontua mobiduten, baina astiro-astiro. Ganerako taldekideak batzen joan ziran eta niri be esan eusten bateria jole baten bila ebizala. Bilbon bizi ginan danok eta lokal txiki baten hasi ginan entseguetan, gure abestiak sortzeari be ekin geuntsan. Inondik inora be ez genduan pentsetan diskoa atera behar genduanik. Arrakastea lortzeko beharrizanik ez geunkan, umiltasunez hasi genduan proiektua eta gero etorri dira ganerakoak. Gure abestiak sortu eta disfrutetea zan asmoa.


9.- Umiltasunez hasi eta berehala hasi dira zuen abestiak ezagun bihurtzen. Arrakastea horren bizkor lortzea espero zenduen?

Inondik inora ez genduan espero. Burutik behera balde bat ur botetan deutsuenean modura izan da. Apal-apal joan ginan grabaketara baina egia da Higain estudioetan Haritz Harreguygaz grabeteak asko lagundu deuskula, ze bera teknikari profesional ona da eta soinuaren kalidadean igarten da. Badinot baldekada bat ur izan dala hau eta orain hasi gara sikatzen, hau da, asmiletan.


10.- Zu taldeko bateria-jolea zara. Huntzan, ostera, soinua, panderoa eta ahotsa nabarmentzen dira, zure tresneak zer ekarpen egiten deutso taldearen estiloari?

Niretzat Huntzan sartzea erronka bat izan da, ni beste era bateko giro batetik heldu nazalako. Trikiti doinuak oso gitxi izan dodaz inguruan, egia esateko. Apurka-apurka joan naz taldeari ekarpena egiten, nire jakintzea partekatuta.


11.- Aurrera begira, nora bideratu nahi zeunke zure musika ibilbidea?

Hori ikusteko dago baina, hasteko, Huntzak emon deustan aukera hau aprobetxau nahi dot, Huntzan egoteak esperientzia bat emon deust. Aurrera begirako proiektuetan hemen ikasitakoa erabili nahi dot, oraingoz beste asmo zehatzik ez dot, ezin da aurreikusi.


12.- Hurrengo proiekturen bat gogoan, Huntza taldea abesti barriak sortzen dabil, ala kontzertuen agendeak ez deutsue ixten horretarako tarterik?

Momentu honetan kontzertuetan gabiz bete-betean eta horregaz nahikoa dogu. Dana dala, sekula ez dogu gure sorkuntza lana albo batera guztiz ixten, azkenean hau da gustetan jakuna eta barrutik urteten deusku. Gauzatxuak sortzen ibilten gara baina orain kontzertuetan buru-belarri gabiz. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa