WOPeak proiektuaren helburuak betetzat jo ditue

Bizkaie! 2017-08-04 12:21   Euskaldunak munduan

Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak ezin izan ditue GI eta GII igon, baina WOP alkartea pozik dago transmitidutako baloreakaz.

Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Arkaitz Saiz eta Mikel Renteria | Ikusi handiago | Argazki originala

Pakistanetik hegazkinean bueltau eta ordu gitxira, agerraldia egin dabe Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak, GI eta GII zortzimilakoetara egindako espedizinoaren barri emoteko. Eurakaz joan dan argazkilaria, Arkaitz Saiz, be ekitaldian izan da, WOP proiektuko bultzatzaile Mikel Renteriagaz batera. Eguraldi txarraren erruz, GIera edo GIIra heltzeko ahalegin biek huts egin eben, igaz jazo zan legez. Horregaitik, mendizaleek ez daukie espedizino hori datorren urtean barriro egiteko asmorik.

WOPeko arduradunek uste dabe WOPeak egitasmoak emon dauela emon beharreko guztia. Asmoa zortzi mendi igotea izan da, Gorbeian hasita eta aldi bakotxean beste mila metro gehituta. Azken etapea, beraz, zortzimilako bat izan da eta GI eta GII izan ditue begiz jota. Mikel Renteriak azaldu dau zenbakiak ez dirala garrantzitsuena eta, beraz, WOPeaken helburuak bete dirala.

Hasikeran geunkazan helburuak bete doguz, gu pozarren gagoz, adierazo dau Renteriak. Gaixotasun neurodegeneratiboak daukiezenei laguntzeko sortu zan WOP eta horren haritik hasi zan WOPeak egitasmoa. Alpinismoak gaixotasunari aurre egiteko erabilgarriak diran balore eredugarri batzuk daukazala erakustea eta euren burrukeari oihartzuna emotea izan dira helburuak.

GI eta GII-ko Beheko Kanpalekuan egozala, Iñurrategik, Zerainek eta Zabalzak Hirugarren Kanpalekuraino igon eben, hilteko arriskuan egoan Valerio Annovazzi mendizaleari laguntzeko. Esan leiteke hiru mendizale euskaldunen ahaleginari esker dagoala bizirik Annovazzi. Mikel Renteriaren ustez, hori zortzimilako bat igotearen ordezko bikaina da. Gure lehenengo konpromisoa bizitzearen aldekoa da, hori da gure zortzimilakorik garrantzitsuena, hori baino tontor hoberik ez da.

Alberto Iñurrategik azaldu dauenez, euren espedizinoaren helburuak huts egin barritan, triste egozan hiru mendizaleak, eta kantsauta. Baina Annovazziren estualdiaren barri izan ebenean, ez eben zalantzarik izan haren bila joateko. Ardura etikoan oinarrituta hartu genduan erabagia, esan dau Aretxabaletakoak.

GI eta GII igoteko ahalegin bi baino ezin izan ditue egin aurtengo espedizinoan, eguraldi txarragaitik. Ia hilebete bi egin doguz han eta eguraldi oneko lau egun baino ez doguz izan, azaldu dau Juan Vallejok. Edur biguna topau dabe, oso arriskutsua. Dana dala, areriorik indartsuena haizea izan da.

Aklimatazinoa ondo bete eben eta hiru mendizaleek sasoian egozala sentidu eben.  Mendien goiko aldean, baina, eguraldia traba handiega izan zan. Iñurrategik gogoratu dauenez, lehenengo ahaleginean GI-erako bidea hartu eben baina berehala konturatu ziran ezinezkoa izango zala. Ehun metro egiteko ordubete behar genduan eta holako bataz bestekoa ez da nahikoa. Bigarren ahalegina egin orduko tartea luze egin jakela onartu dau Iñurrategik, egun asko pasau zituen eguraldi aproposaren zain.

Iragarpen baikorrenari kasu eginaz hartu eben bigarrenez tontorrerako bidea baina, bide erdian, iragarpen hori be txarrerako aldatu zan. Zazpi mila metroan egon ginan zain, baina haizea bortitza zan eta hurrengo eguneko iragarpenak ez ekarren ezer onik. Penatuta eta pixka bat amorratuta dagozala dino Iñurrategik, benetako ahaleginik egiteko aukerarik ez dogu izan.

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak ez dabe hirugarren aldiz GIera eta GIIra joan nahi, ez behintzat datorren urtean. Ez dogu itsutu nahi, munduan badagoz beste mendi asko. Mikel Zabalzak ganeratu dauenez, triste dagoz helburua ez dabelako bete, baina eurek baekien erronkea gatxa zala, guk dana emon dogu. WOPeak proiekturako hori ez da arazoa izango, izan be, erronkea amaitutzat jo dabe.

WOPeakek gaixotasun neurodegeneratiboen alorrean egin dauen mesedea azpimarratu dau Mikel Renteriak: Alpinismoaren aldeko apustua gure mezuaren bozgorailu bihurtu da, modu positibo baten. Gure aldarrikapenetan ez dogu penarik emon nahi, ahaleginaren bidez helburuak bete leitekezala erakutsi dogu.

Alpinismoan eta zortzimilako mendietako espedizinoetan dagozan baloreak WOPen izakereagaz bat datozala uste dau Renteriak. Laguntasuna, ahalegina, talde-lana, alkartasuna eta abar. Dana dala, Alberto Iñurrategik uste dau alpinismo klasikoaren baloreak idealizauta dagozala eta aldatu egin dirala. Valerio Annovazziren erreskateak balore horreen ganean gogoetea egiteko balioko dauela uste dau.

Edozelan be, Mikel Renteriak ziurtatu dau alpinismoaren munduagaz alkarlanean segidu nahi dauela WOPek, WOPeaken oinordeko izango diran hurrengo proiektuetan. Ganera, 2010ean Gorbeian hasi ziranetik eta aurten Karakorumen amaitu dan arte WOPeak emon dauena film baten batzeko asmoa daukiela aurreratu dau Renteriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa