Wim Wendersen lan barriak zabalduko dau Zinemaldia

Bizkaie! 2017-08-01 13:17   Zinemea

Alemania, Frantzia eta Espainiaren arteko koprodukzinoa da Submergence eta irailaren 22an proiektauko dabe Donostian.

'Submergence' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egungo Europako zinemagile ospetsuenetako batek zabalduko dau Donostiako Zinemaldiaren 65. ekitaldia. 1960ko hamarkadearen amaieran Alemaniako Zinema Barriko partaide izan zanetik, Wim Wendersek (Dusseldorf, 1945) hamarkada ugari daroaz lanean. Orain arteko azken filma, Submergence, eroango dau Donostiara.

Alemania, Frantzia eta Espainiaren arteko koprodukzino hori Europan lehenengoz ikusi ahal izango da Zinemaldian. Aurretik Toronton baino ez dabe proiektau. Inaugurazino ekitaldirako aukeratutako filma izateaz gan, Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango da Submergence, sail ofizialean.

J.M. Ledgard-en nobela baten oinarrituta, Erin Dignam-ek idatzi dau filmaren gidoia. Berlinen, Madrilen, Toledon eta Djiboutin errodau ditue eszenak. Injineru hidrauliko baten eta biomatematikari baten arteko istorioa da Submergence. Pertsonaia nagusi biek Frantziako kostaldean ezagutu dabe alkar, bakotxa bere misinoa preparetan dagoala. James McAvoy eskoziarra eta Alicia Vikander suediarra dira aktore nagusiak.

Filmak badauka loturea Euskal Herriagaz, izan be, Fernando Velazquezek sortutako soinu bandea Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntzinoagaz grabau eben martian. Wim Wenders bera Donostian egon zan grabazino hori gainbegiratzen.

Wim Wenders zuzendaria lehenago be Donostiako Zinemaldian egonda dago. 2002an, epaimahaiko burua izan zan. Aurten, irailaren 22ko proiekzinoan izango dala baieztau dau Zinemaldiak. Wendersegaz batera, Alicia Vikander aktorea egongo da ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa