'Bikin bat in', Nafarroa Oinezen kantua eta bideoklipa

Bizkaie! 2017-06-27 08:28   Euskerea berbagai

Lesakan egingo da, urrian, Nafarroako ikastolen aldeko jaia; Estitxu Arotzenak eta Igor Telletxeak sortu dabe abestia.

Estitxu Arotzena, Tantirimairuko lehendakari Amaia Lasheras, Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Alkartekoa eta Xumar Altzugarai | Ikusi handiago | Argazki originala

2017ko Nafarroa Oinezen leloa da kantuaren izenburua, Bikin bat in. Konposizino bizi eta sentikorra da, egileen esanetan. Izan be, Lesakako herria, memoria, ikastolea eta umeen bizipoza adierazoten ditu. Urriko jai handiko giroa berotzeko, hainbat jarduera antolatu ditu Tantirumairu ikastoleak eta guztiak izan dira Lesakako memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginak: meatzeetako, industriako zein frankismoko langile behartuen gorabeherak jorratuz, esaterako. Horregaitik, abestia be bide beretik doa.

Memoriaren ibilbide honetan gaur egun izan nahi dogunaren inguruko gogoetea dago, zehaztu dau Estitxu Arotzenak. Nora joan jakiteko ederra da nondik heldu garen jakitea. Tantirumairu ikastolearen bokazinoa hasiera-hasieratik izan da euskerea eta euskal kulturea berreskuratzea. Eta kantuaren berbek hori islatzen dabe, Lesakako oroimena oinarri hartuta. Leloaren bikotasunagaz olgau dau bertsolariak: etorkizuna eta iragana, ikastolako belaunaldi biak, Lesakako bigarren Nafarroa Oinez, eraikin bi…

Nafarroa Oinezen Bikin bat in leloan oinarritu da Estitxu Arotzena bertsolari lesakarra abestiaren berbak idazteko, eta doinuz jantzi ditu Igor Telletxea Berako musikariak. Hori guztia irudietara ekarteaz arduratu da Xumar Altzugarai zinemagile lesakarra, bideokliparen egilea. Kantearen eta bideokliparen produkzinoan 100 herrikidek baino gehiagok parte hartu dabe, auzolanean.

Abestian legez, bitasuna da Xumar Altzugarairen bideokliparen ezaugarri nagusia, zati bitan banatu dau ikus-entzunezkoa. Bloke batek iraganari egiten deutso erreferentzia: Agiñako paisajeak, tobera, belaunaldi barriak… Musika tribalagoa da eta irudiak be esangura horretan doaz. Beste blokean umeen ikasketa prozesu naturala erakutsi nahi izan dau, olgetearen bidez gauza barriak ikasteko daben erraztasuna.

Ikusi bideoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu