Nazinoarteko erreferente bihurtuta dator Bilboko 18. Kalealdia

Dabi Piedra 2017-06-15 12:10   Kulturea

Bagilaren 26tik garagarrilaren 1era izango da kaleko arteen jaialdi hori eta 27 konpainiak parte hartuko dabe.

Nekane Alonsogaz eta Pedro Ormazabalegaz batera, Hortzmuga konpainiako aktore bi agertu dira aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udaleko arduradunek azaldu dabenez, Bilboko Kalealdiaren 18. edizinoan orekeari eusten ahalegindu dira, bertoko eta kanpoko taldeen artean. Halandabe, atzerriko konpainia ugari etorriko dira Bilbora euren ikuskizunak aurkeztera. Izan be, Nekane Alonso Kultura zinegotziak azaldu dauenez, Kalealdia nazinoarteko erreferentea da, orain hori finkatzea da gure asmoa.

Talentua esportau eta inportau nahi dabe, Nekane Alonsok adierazo dauenez. Hau da, kanpoko konpainiarik esanguratsuenak hona ekarri eta berton egiten dana mundu guztiari erakutsi. Horretarako, Kalealdia plaza bikaina dala azpimarratu dau.

Kontuak kontu, azkenean sei euskal konpainiak parte hartuko dabe Kalealdian. Ganerakoak, Frantziatik, Portugaletik, Danimarkatik eta Espainiatik datoz. Guztira, 27 talde eta 58 emonaldi. Zirkua, jantzea, txotxongiloak, su ikuskizunak eta abar programau ditue. Ikuskizun gehien-gehienak publiko guztientzat aproposak dirala azaldu dau Pedro Ormazabal jaialdiko zuzendariak.

Ikuskizun horreetako asko Bilboko Kasilda Iturrizaren parkean egingo dira, antolatzaileen ustez hori dalako lekurik aproposena. Parkeari ikutu magikoa emon nahi deutsagu, globoak ipiniko doguz, bankuak apaindu... dino Ormazabalek. Arrriaga antzokiaren plazan eta Plaza Barrian be egongo dira emonaldi batzuk.

Ibilbide oparoa egindakoak dira parte hartuko daben konpainia gehienak. Aitagarria da, esaterako, Bivouac frantziarraren A corps perdus zirku ikuskizuna. Hamaika metroko egiturea ipiniko dabe Arriaga plazan, garagarrilaren 1eko emonaldirako. Eclats de Rock, hau be frantziarra, zaldi eta guzti agertuko da oholtzan. Izan be, jantzari bat eta zaldi bat dira Ma bete noire ikuskizunaren ardatza.

Euskal konpainien artean, Deabru Beltzak-ek Su a feu aurkeztuko dau Bilbon, taldearen 30. urteurrenaren harira sortutako formatu handiko muntaia. Shakti Olaizolak, ostera, Baldin bada aurkeztuko dau. Karrikan plataformearen diru-laguntzinoa jasota, Eva Guerrerok El fin de las cosas dakar Bilbora. Dikhotomia, Organik eta Hortzmuga be Kalealdian izango dira. Kalidade handiko konpainiak daukaguz hemen, nabarmendu dau Pedro Ormazabalek.

Kalealdiko saio guztiak doban ikusi ahal izango dira, bat izan ezik: Le Cirque Dans Les Etoiles konpainia frantsesaren Petites histoires de cirque ikusteko 3 euro pagau beharko dira. Batutako dirua Irrikiclown irabazi asmo bako alkarteari emongo deutsie. 2008tik Bizkaiko ospitaleetan ibilten dira talde horretako kideak, bertan dagozanen egonaldia atseginago egiten.

Kaleko arte eszenikoen alorrean, udabarrian Bilbon egoten dan programazino zabala biribilduko dau Kalealdiak, Nekane Alonsok azaldu dauenez. Zorrotzan, Errekalden eta abar kaleko ikuskizunen jaialdiak egon dira, danak dobakoak. Arte eszenikoen aldeko apustua da, azpimarratu dau zinegotziak.

Kalealdiaren egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu