Euskal baleazaleen aurkako Islandiako sarraskiaren inguruan idatzi dau Tapio Koivukarik

Bizkaie! 2017-06-15 08:55   Kulturea

1615eko hilketea da Ariasman nobela finlandiarraren abiapuntua, eta Maia Ossa Rissanenek euskeratu dau, Erein argitaletxeagaz.

Maia Ossa Rissanen eta Tapio Koivukari, Donostian, 'Ariasman' aurkezten (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

1980ko hamarkadan Islandian bizi izan zan Tapio Koivukari idazle finlandiarra eta bertan ezagutu eban 1615eko sarraskia. Negua pasetan uhartean geratutako 30 baleazale euskaldun baino gehiago hil zituen islandiarrek urte haretan. Koivukarik nobela baterako testuinguru ona zala pentsau eban. Finlandieraz idatzi eban istorioa eta orain euskeraz be irakurri leiteke, Maia Ossa Rissanen itzultzaileari esker.

Nobelea da Ariasman, euskal baleazaleen istorio bat. Dana dala, jazoera historikoak dira ardatza. Euskaldunen kontrako hilketea, horren arrazoiak, agintarien izenak... benetakoak dira. Pertsonaia batzuk eta euren arteko hartu-emonak, ostera, fikzinoa dira. Gartzia izeneko mutil gazte bat da protagonistea, hori be asmautakoa. Autoreak jakin dau euskaldun batzuek bizirik urten ebela islandiarren erasotik eta pentsau dau Gartzia izeneko hori izan ahal zala horreetako bat.

Ikerketa sakona egin dau Koivukarik, detaile historikoak zehaztasun handienaz emon ahal izateko. Jon Gudmunssonek idatzitako poema autobiografikoak dira 1615eko sarraskiaren barri jakiteko bide zuzenena. Gudmunsson jazoera haren lekuko izan zan eta poemetan idatzita itxi eban ikusitako guztia. Euskaldunak ondo ezagutzen zituan, ganera.

Beste iturri batzuk be erabili ditu Koivukarik. Esaterako, 2010ean Euskal Herrian izan zan eta bertoko ohituren eta arrantzearen inguruko datu asko batu zituan. Liburuan euskaldunen eta islandiarren ikuspegia sartzen ahalegindu da. Bere ustez, gaurkotasuna daukie sarraski haregaz lotutako sentimendu batzuek. Esate baterako, desbardinak diran personei bildurra izatea.

Azkenaldion, 1615eko hilketearen inguruko interesa biztu da eta lan ugari plazaratu dira. Fikzinoan, esaterako, oraintsu argitaratu dau Iñaki Petxarromanek Kearen fiordoa nobelea. Koivukarik egindako lanaren antzekoa da hori, hau da, jazoera errealetatik abiatutako istorioa, euskal baleazaleak protagonista dirala. Bestetik, Itxaro Bordaren testuetan oinarrituta, 1615 ikuskizun musikala sortu dau Hinka taldeak. Ganera, 2015ean, sarraskiaren 400. urteurrenean, islandiarren eta euskaldunen arteko adiskidetzea aldarrikatzeko ekitaldiak egin ziran.

Beraz, publiko euskaldunarentzat aproposa izan leiteke Ariasman be. Maia Ossa Rissanen arduratu da nobelea finalndieratik euskerara itzultzeaz. Euskerea eta finlandiera, biak ditu ama hizkuntzak. Ganera, lehendik be itzulita euki dau Islandia 1615, Gartziaren istorioa, Koivukariren liburuaren bersino laburtu eta egokitu bat, gazteentzakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa