Bagilaren 17an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

Bizkaie! 2017-06-14 09:41   Kulturea

Aurtengo errogatibearen lemea Arratia: bederatzi seme-alaba familia bat izenburukoa da.

Urkiola joan, zapatak urrutu... Aita San Antoniok barriak egingo ditu… dakar kopla zaharrak, eta oinetakoak urrututeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek. Bagilaren 17an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea. Tradizinoari jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Arratiako Udalen Mankomunidadeak lau autobus ipiniko ditu. Autobusean joan etorria egiteko, ala etorteko baino ez bada, izena emon behar da astebete lehenago. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta.

Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Dimatik, Igorretik eta Zeanuritik. Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da urtekerea, Igorren be ordu berean San Antonioren ermitatik abiatuz eta Zeanurin San Antonio txikerraren (plaza ondoan) ermitearen aurretik abiatuko dira, 07:30etan. Zeanuri eta Urkiola lotzen dituan ibilbidea orain dala urte bi seinalizau eben PR-BI 1 moduan; Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde batek seinalizau eban Zeanuriko Udalaren laguntzinoagaz eta errogatiba eguna bide hori erakusteko eta ezagutzera emoteko aprobetxauko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatu eta Soloeta eta Makaztui auzuneetatik pasauko da, Zumeltzako deskantsu lekura zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiteko, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra) ibilbide luzea jarraitzen da. Martxea normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteken ibilbidea da.


Argazki lehiaketea

Aurtengo nobedadeetako bat argazki lehiaketea izango da. Zulaibar Lanbide Ikastegiak antolatu dau, Arratiako herriak Urkiolara egiten daben errogatibea gai moduan hartuta. Gaiagaz zerikusia daukan edozein argazki aurkeztu ahal izango da, balio antropologikoa, etnografikoa, erlijiosoa edo naturalistikoa izan leikena. Irabazleak 200 euroko balioa izango daun saria eroango dau, Arratiako Merkatarien Alkarteko edozein denda edo zerbitzutan gastau ahal izango dan bonoa. Argazkiak e-postaz edo postaz bialdu ahal izango dira honako helbideetara: errogatibea@zulaibar.org edo Arratiako Andra Mari Parrokia, Elexalde 22, 48140, Igorre.


Egitaraua

Aurtengo errogatibearen lemea Arratia: bederatzi seme-alaba familia bat izenburukoa da. Lema honegaz ondokoa azpimarratu gura da: alde batetik, Arratiako herrien batasuna, hau da, zuztar bardinak daukiezala, baina bestetik, herri bakotxak bere nortasunari eusten deutsola. Bestalde, kontuan hartu gura dira Arratiako familiak eta euren ahalegina bizitza duin eta zoriontsua izateko be.

Antolaketeagaz arduratzen dan parrokia, Igorrekoa da. Egitarauari jagokonez, 11:00ak baino lehentxuago, ondietorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako santutegira, 11:00etan Arratiako abadeek emongo daben mezea ospatzeko. Meza ostean, eta talde-argazkia egin eta gero, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkarteak eta Igorreko Jubilatuen Alkarteak kopau bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratzen diran arratiarrei. Ekitaldi honegaz egitarauari amaierea emongo jako eta Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herrietara itzuliko dira.

Informazino gehiago hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu