Uda ostean umeentzako hiru pelikula estreinauko ditue euskeraz

Bizkaie! 2017-06-13 09:47   Zinemea

Zinema Euskaraz programeari esker, zinema-aretoetara helduko dira Ninjago Lego, Hurrak eta lapurrak 2 eta Paddington 2.

Familia guztiarentzako filmak aukeratu, euskerara bikoiztu eta zinema-aretoetan estreineteaz arduratzen da Zineuskadi erakunde publikoa, Zinema Euskaraz egitasmoaren bidez. Modu horretan, aisialdirako beste aukera bat eskaintzen dabe euskeraz eta, bide batez, umeen artean zinema zaletasuna bultzatu. Uda osterako hiru film barri emongo dituela aurreratu dabe Zineuskadiko arduradunek.

Lehenengo, irailaren 22an, Ninjago Lego estreinauko dabe aretoetan. Lego pieza-jokoan oinarritutako filma da eta pieza horreekaz egindako ninjak dira protagonistak. Orain arte telesaila izan da eta udagoienean pantaila handira saltoa egingo dau. Estadu Batuetakoa da pelikula hau.

Urriaren 12an, ostera, Hurrak eta lapurrak 2 helduko da aretoetara. Kanadatik dator marrazki bizidunetako abentura hau. Arrakasta handia batu eban film horren lehenengo zatiak 2014an.

Amaitzeko, zemendiaren 24an, Paddington 2 estreinauko dau Zineuskadik. Hau be, aurreko beste film baten jarraipena da. Paddington izeneko hartza da protagonistea eta, beragaz batera, izen handiko aktoreak agertzen dira: Hugh Grant, Brendan Gleeson, Julie Walters eta abar.

Udagoienean euskerazko hainbat film egongo dira aukeran, beraz. Iragarritako hiru horreez gan, urtea amaitu orduko gehiago be bikoiztu eta estreinauko dituela aurreratu dabe Zineuskadiko arduradunek, baina oraindino ez dabe zehaztu zeintzuk izango diran.

Zinema Euskaraz programearen barruan, urtea hasi danetik zazpi film estreinau ditue euskeraz, azkena, maiatzean, Richard zikoina izan zan. Udako etenaren ostean, aitatutako beste hirurak gehituko dira zerrendara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa