Liburu surrealista eta erotiko bana plazaratu ditu Txalaparta argitaletxeak

Dabi Piedra 2017-06-09 13:03   Kulturea

Fito Rodriguezek idatzi dau Arakistainen bidea. Judit Ruiz de Munainen, Patxi Zubizarretaren eta Jokin Mitxelenaren alkarlanetik jaio da Zukafukamusuka.

Fito Rodriguez, Judit Ruiz de Munain eta Jokin Mitxelena | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Liburu Azokeak emoten dauen plazea aprobetxauta, euskerazko nobedade bi aurkeztu ditu Txalaparta argitaletxeak. Biak be, ohikoak ez diran estiloetakoak. Izan be, surrealismoaren inguruko lana ez eze, liburu surrealistea be bada Arakistainen bidea, Fito Rodriguez autoreak azpimarratu dauenez. Zukafukamusuka, ostera, literatura erotikoa da bete-betean.

Surrealismoaren euskal interpretazinoa egin dau Rodriguezek, hau da, mobimendu artistiko horren ikuspegia aztertu eta euskerara ekarri dau, bertoko berezitasunak gehituta. Abiapuntua, eta izenburuaren arrazoia, Sonia Arakistain da, errepublika sasoiko euskal agintari baten alabea. Emakume sortzailea zan Arakistain, baina azkenean bere buruaz beste egin eban, Londresen.

Sonia Arakistainen figureak euskal ikuspegidun surrealismoa eregiteko balio izan deutso egileari. Izan be, Fito Rodriguezen esanetan, surrealismoaren bultzatzaileak, gehienbat, frantsesak, giro burgesekoak eta gizonak ziran. Arakistain, euskalduna izateaz gan, ingeles girokoa zan, ezkerrekoa eta emakumea. Kontraste horregaz sortu dau surrealismoaren euskal interpretazinoa.

Hortaz, surrealismoaren antologia bat da, funtsean, Arakistainen bidea. Mobimendu horretako idazle ezagunenen poesiak aukeratu eta euskerara itzuli ditu Fito Rodriguezek. Aimé Cesaire, René Char, Robert Rius, André Breton eta beste askoren olerkiak dagoz. Surrealismoak ekarri eban ikuspegi aldaketea azaldu dau Rodriguezek: Mundua logikoa dala uste dogu, holan hezi gaitue, baina horrek ez deusku ixten jazoten jakuna behar dan moduan ikusten, surrealismoak horri aurre egiten deutso. Surrealismoan irakurketa libreak, desioakaz lotuak, egin leitekezala dino.

Txalapartak dakarren beste liburua, Zukafukamusuka, hiru sortzaileren arteko alkarlanaren emoitzea da. Judit Ruiz de Munainek gaztelaniaz idatzitako narrazino erotikoen bildumea da. Patxi Zubizarretak itzuli ditu euskerara eta Jokin Mitxelenarenak dira marrazkiak. Euskeraz ez dago liburu erotiko askorik, baina guk ahalegina egiten dogu gehiago egon daitezan, azaldu dau Txalapartako ordezkari Mikel Sotok.

Ruiz de Munainen lehenengo liburua da Zukafukamusuka eta bere fantasiak agertu ditu. Orain dala urte bi inguru hasi nintzan errelatoak idazten, zaletasuna hartu neban eta, azkenerako, hogei bat testu neukazan, azaldu dau. Istorio gehienetan protagonista eta narratzaileak emakumeak dirala dino, danok daukaguzan fantasiak sartzen ahalegindu naz.

Jokin Mitxelenari narrazinoak erakutsi eutsazanean, honek argitaratzeko bidea ikusi eban, baina euskerara itzulita. Patxi Zubizarretak egin dau lan hori. Autoreen esanetan, berbaz berba itzuli baino, interpretau egin ditu Zubizarretak testuak, hizkuntza bakotxak erotismoa adierazoteko bere modua daukalako.

Marrazkiak egiteko estilo berezia erabili dau Jokin Mitxelenak, shunga dalakoan oinarritua. Japonian 17 eta 18. mendeetan erabili zan genero hori, irudi erotikoak marrazteko. Irudi esplizituak baina ederrak sortu zituen, azaldu dau Mitxelenak. Zukafukamusuka-ko istorioentzako estilo aproposa begitandu jako, testuaren tonuagaz bat egiten dau. Basatiak eta gordinak dira narrazinoak eta marrazkiak be halakoxeak egin ditu Mitxelenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu