'Poesia eta Pentsamendua' jardunaldiek hamar urte bete ditue aurten

Bizkaie! 2017-06-07 11:43   Kulturea

Eduardo Txillida eskultorea omenduko dabe aurten.

Donostia Kultura | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamargarren edizinora heldu dira jardunaldiok eta, beraz, antolatzaileek uste dabe ondo finkatutako hitzordua dala, erreferentea Euskal Herriko olerkigintzan. Euskerazko zein gaztelaniazko idazleak protagonista dirala, poesiarako eta gogoetarako espazioa eskaintzea da helburua.

2008an, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi idazleak urtero egiten diran jardunaldi honeek antolatzen hasi ziran, Donostia Kulturagaz batera. Ordutik hainbat poetak hartu dabe parte saioetan.  

'Poesia eta Pentsamendua' jardunaldien aurtengo egitaraua Viktoria Eugenia antzokian aurkeztu eben lau idazleek eta Luis Txillidak. Lehenengo aldiz, Gipuzkoak Foru Aldundiak eta Txillida Lekuk parte hartu dabe antolakuntzan.

Emonaldi bi atondu ditue aurten; lehenengoa gaur izango da Hernaniko Txillida Lekun, arrastiko 19:00etan. Bertan, eskultorearen eta artearen ganeko saioa eskainiko dabe. Ganera, Murtziako Unibersidadeko Filosfian katedradun Francisco Jarautaren berbaldia be egingo da. Ondoren, jardunaldiotako lau antolatzaileek errezitaldia emongo dabe Txillida omentzeko asmoagaz eta amaitzeko Jon Makusok Prokofiev eta Bachen lanak bibolinagaz interpretauko ditu.

Bigarren emonaldia, ostera, hilaren 12an izango da Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, arrastiko 19:30ean. Hemen errezitaldi musikatua izango da Isabel Cadenas Cañón, Mireia Calafell, Beatriz Chivite, Tere Irastortza eta Gerard de Jong poeten eskutik. Saioa Makusok musikatuko dau bibolinagaz.

Jardunaldietako antolatzaileek aurreratu dabenez, gaurko emonaldira hurreratzen diranei Chillidari gorazarre liburua erregalauko deutsie. Lau poetak martxan jarri daben Balea Zuria argitaletxearen lehenengo alea da aitatutako lana.

Maiatzean Durangon be egin ziran 'Poesia eta Pentsamendua' jardunaldiak. Bertan, Ramon Andresek, Leire Bilbaok, Garazi Ugaldek. Elenea Medelek, Angel Errok eta Irati Goikoetxeak  parte hartu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu