Ertza, Ici'Bas eta Maduixa saritu ditu Leioako Umore Azokeak

Bizkaie! 2017-05-22 08:50   Kulturea

Kalidadeari eta ikus-entzuleen kopuruari jagokenez, urteotako edizinorik arrakastatsuenetako bat izan da aurtengoa, antolatzaileen esanetan.

Maduixa taldeak irabazi dau Kale Ikuskizunik Onenaren Saria Leioan (argazkia: Umore Azokea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Atzo amaitu zan Leioako Umore Azokearen XVIII. aldia eta, behin ikuskizun guztiak aurkeztuta, irabazleen barri emon dau epaimahaiak. Euskal Herriko Ertza, Suitzako Ici'Bas eta Valentziako Maduixa izan dira sarituak.

Aurten zazpi kide egon dira epaimahaian: Filgi Claverie (Errobi zerbitzu kulturalaren arduraduna), Gerald Fannon (Sant Cugateko Teatre-Auditori jaialdiko arduraduna), Anna Giribet (Fira Tárrega jaialdiko programazino teknikaria), Marián Osácar, (FETENeko Zuzendari Artistikoa), Elena Ros (Ikuskizunen produktore eta banatzailea), Nando Piñeiro (Donostia Kulturako Egia-Gasteszenaren programatzailea), eta Juan Pablo Soler (Teatro Romea eta Circo de Murciako arduraduna).

Hainbat lengoaia eta diziplina erabiliz sinbolismoz eta irudimenez betetako proposamenagaitik saritu dau epaimahaiak Ertza taldearen Meeting Point lana. Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren garaikurra emon deutsie. Maduixa konpainiak Kale Ikuskizunik Onenaren Saria jaso dau Mulïer obreagaitik. Sensibilidadea, konpromisoa eta gauzatzeko orduan erakutsitako garbitasuna nabarmendu ditu epaimahaiak valentziarren lanean eta, ganera, keinua balioan jarri dau, koreografiaren eta emakumeen unibersoaren azterketearen parte legez.

Amaitzeko, Suitzako Ici’Bas konpainiarentzat izan da artista edo ikuskizun barri onenaren saria, L’envers lanagaitik. Planteamendu barritzaileak, freskotasuna eta uriko espazioa erabilteagaitik erabagi dau epaimahaiak Ici'Basen obrea nabarmentzea. Ganera, Trapu Zaharra konpainiari Ohorezko Sari Berezia emon deutsie Umore Azokako antolatzaileek, 35 urteko ibilbideagaitik. 

Beste alde batetik, antolatzaileak pozik geratu dira aurtengo edizinoagaz. Oraindino behin betiko daturik ez dabe emon, baina adierazo dabenez, ikuskizunetara joandako publikoaren kopurua handia izan da eta eskainitako obren kalidadea be bai. Leioako hitzorduaren 18 edizinoen artean, honako hau arrakastatsuenetako bat izan dala uste dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu