Fantasiazko eta bildurrezko pelikulek hartuko dabe Bilbo egunotan

Bizkaie! 2017-05-05 13:35   Zinemea

Maiatzaren 12ra bitartean egingo da FANT zinema jaialdiaren 23. edizinoa. Film laburrak eta luzeak dagoz egitarauan.

Film laburrak aurkeztuko dituen euskal zuzendariak, Azkuna Zentroan (argazkia: FANT) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pre-FANT zikloan motorrak berotu eta gero, Bilboko Bildurrezko eta Fantasiazko Nazinoarteko Zinema Jaialdiaren, FANTen, 23. edizinoa hemen da. Maiatzaren 5etik 12ra, bertoko eta kanpoko 21 film labur eta 16 luze ikusi ahal izango dira.

Film laburren txandea izango da lehenengo. Izan be, inaugurazino ekitaldian, euskal zuzendariek egindako hamaika pelikula proiektauko ditue. Tartean egongo dira euskerazko batzuk, adibidez Ihesa. Campos antzokian izango da saioa, gaur, barikua. Lehenengo, 20:00etan, inaugurazino ofiziala egingo da, eta Eduardo Casanovaren Pieles film luzea emongo da. Ondoren, 23:00etan, euskal film laburren txandea izango da.

Bertokoak eta kanpokoak kontuan hartuta, 21 film labur aukeratu ditue aurtengo FANTerako, fikzinozkoak zein animazinozkoak. Guztira, 931 proposamen jaso zituen antolatzaileek. Aukeratutako filmak sari bi irabazteko hautagai izango dira: Epaimahaiaren saria eta publikoarena. Ganera, euskal film laburrik onena be aukeratuko da.

Film luzeek be lekua izango dabe FANTen. Mundu guztitik heldutako 16 lanen artean, Euskal Herriko produkzino bi dagoz: Roberto Santiagoren La noche virgen eta Haritz Zubillagaren El ataúd de cristal. Azkuna Zentroko Golem zinemetan ikusi ahal izango dira film luzeak. Amaiera ekitaldian, maiatzaren 12an, saria emongo deutsie onenari.

Era berean, ohorezko sari bi be emongo ditue antolatzaileek. Bata, Terele Pávez aktoreari, Las brujas de Zugarramurdi filmean egindako lanagaitik. Bestea, Pedro Rivero zuzendariari. Besteak beste, Birdboy eta Psikonautak, ume ahaztuak zuzendu ditu. Ganera, Fantrobia saria Sean Brosnan-i emongo deutsie eta, Fantastikoaren Izarra dalakoa, Barbara Crampton-i.

Aretoetatik kanpo egongo da zeregina FANTen 23. edizinoan. Esate baterako, Azkuna Zentroan The Vault of Rob Zombie, a comic tribute erakusketea egongo da. Rob Zombieren irudietan oinarrituta 16 marrazkilarik egindako kartelak batu ditue hor.

Egitaraua, hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu