Zinema-aretoetako eskuko programa zaharren erakusketea zabaldu dabe Foru Liburutegian

Bizkaie! 2017-03-20 11:05   Kulturea

Bilboko aretoetan 1940tik 1970era emoten ziran papelezko 200 programa batzen dira erakusketan. Bilbon, Foru Liburutegian egongo dira ikusgai, maiatzaren 20ra arte.

Martin Eguiaren bilduma pribaduan dago erakusketa honen jatorria. Bertatik, 200 programa aukeratu ditu Ariadna Ruiz Gómez komisarioak eta Bilboko zinema-aretoen hiru hamarkadako ibilbidea batzen dauen erakusketea atondu dau. Paperezko trailerrak, eskuko programak Bilboko zinemetan 1940-1970 da izenburua.

Programazinoaren barri emoteko zinema-aretoek argitaratzen zituen orrietan, sasoi haretako artistarik ospetsuenek parte hartzen eben. Filmak ikusleentzat erakargarriago bihurtzeko, ilustrazino dotoreak marrazten zituen, balio artistiko handikoak. Estreinaldien publizidadea egiteko bide eraginkorra ziran eskuko programak, paperezko trailerrak.

1940 eta 1970 bitartean, eskuko programen urrezko aroa izan zala dinoe Foru Liburutegiko arduradunek. Izan be, zinemara joatea oso ohikoa zan orduan. Hiru hamarkada horreetako 200 programa dagoz erakusketan, danak jatorrizkoak. Gehienak Bilboko zinema-aretoetan jasotakoak dira.

Erakusketan hainbat alderdi jorratzen dira. Batetik, eskuko programa horreek zer ziran eta zein zeregin beteten eben azaltzen da. Bestetik, pelikuletako irudiak marrazten zituen artisten barri emoten da: Renau, Soligó, MCP, Albericio, Jano eta Mac ziran ospetsuenak. Bilbon egondako zinema-aretoen ganeko informazinoa be emoten da. Papelezko programak eurak, hiru paneletan dagoz ikusgai.

Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegiko Areto Nagusian dago erakusketea, 2. solairuan. Maiatzaren 20ra arte egongo da zabalik. Astelehenetik barikura, goiz eta arratsalde; zapatuetan, goizez. Sartzea doban da.

2017/03/20 - 2017/05/20

Bilbon, Foru Liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu